ESZENA

Bilboko XXX. Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia prest

30 urte eta gero, Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiak aurrera dirau, beti bezain osasuntsu.  Gaur goizean, ekimenaren aurkezpena egin dute Bilboko Arteria Campos Elíseos aretoan.

Aurten, Bilboko XXX. Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia azaroaren 3tik abenduaren 2ra gauzatuko da Txotxongilo Arteen Dokumentazio Zentruaren eskutik, Arteria Campos Eliseos guneko aretoetan, iaz bezala.
Concha de la Casa Jaialdiko Zuzendariak, programazioaren hasieran idatzitako lerroetan esan du: “Aurten Jaialdiak antzina-antzinatik txotxongilo munduari begira diezaiogula proposatzen digu. Egia bada ere zibilizazio guztietan egon dela txotxongilorik, inoiz gutxi lortu dute gure gizartean gaur egun, XXI, mende honetan adinako ospe eta arrakasta, besteak beste, teknologi bide berriei esker. Dudarik gabe, orain tradizioa eta abangoardia elkarren premian diren honetan, txotxongiloak erakargarriago agertzen zaizkie Antzerki Arte honen ikusleei.”

Hogeita hamar bat emankizun, bertoko zein Euskaditik kanpoko txotxongilo-taldeen parte-hartzea bermatuta dago, tartean, Korea, Japonia, Iran, Kolonbia, Mexiko edota Kubatik etorriko direnak ere badaude. 

Koreako Hyun Dai Puppet Theatre antzerki taldeak Bilboko XXX. Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren hasierako ekitaldia zabalduko du. Asiako taldea azaroaren 18an Campos Eliseos Antzokian izango da, eta The Puppet City (Txotxongilo Hiria) antzeztuko du. Hitzik gabeko antzezlan musikala da The Puppet City. Txotxongiloek Koreako dantza tradizionalak mendebaldeko musika zatiekin uztartzen dituzte.

Beste aldetik, Bilboko XXX. Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiak Panta Rhei arabar taldea omenduko du gaur, azaroaren 3an, 19:00etan Barrainkua Kultur Etxean, konpainia horren 25. urteurrenaren harira. Horrekin batera, eta omenduriko taldearen eskutik,  Ipuin txotxongiloak erakusketa inauguratuko dute. Erakusketa zabalik izango da abenduaren 2ra  bitarte.

Jaialdia iragartzeko kartela, ezagutzera eman da dagoeneko. David Caro katalanaren lana da eta hiru pertsonaiaren irudiak jasotzen ditu: Pinotxo, Politxinela eta Txirlora.

Aurtengo jaialdiak, gainera, beste nobedade handi bat dakar: Animazioko I. Lehiaketa. Bertara hainbat teknikatan (marrazki bizidunak, 3D, stopmotion, pixalizazioa, cut-out, claymotion edo objektuekiko beste edozein animazio mota) egindako bideo-lanak bidali behar ziren urria baino lehen. Honek sari-banaketa eta film laburren proiekzioa azaroaren 26an egingo da.

Bilboko XXX. Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia abiatu da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button