
Ruben Acosta (Lanzarote, 1976) argazkilariak De-rendering izeneko serieko irudi batzuk paratu ditu Bilboko Photogallery galerian urtarrilaren 25era bitarte.
Erakusketak hiri fantasma bateko eraikinen eta azpiegituren zuri eta beltzezko panoramikak biltzen ditu. Irudiok forma fantastikoekin josita daude.
Izan ere, ikusleak ez daki argazki naturalak diren, maketak edota planoak. Oinarrizko indeterminazio horretan datza Acostaren lanaren gaurkotasun ukaezina.
Lanzaroteko artistaren argazkiak, baina, Dubai hirian eginda daude, non diruak ikuskizunaren formak hartzen dituen neurriz kanpo. Hala, basamortuaren erdian, eta petrolioaren jarioari esker, dendez betetako etorbide zabalak, irla artifizialak eta etxe orratz erraldoiak sortu dira.
Acostaren irudiek hiriaren handikeria erakusten dute, desertuko harearen gainean eraikitako gehiegizko luxua.



