
Leire Salaberriaren Hiltzaileak albuma kaleratu da; lan hori, hain zuzen, Etxepare sariaren garaile atera zen VIII. edizioan. Sari hori Nafarroako hainbat toki-entitatetako euskara zerbitzuek antolatzen dute, Pamiela argitaletxearen laguntzarekin. Leire Salaberriaren lana 23 proposamenen artean hautatu zuen Yolanda Arrieta, Patxi Zubizarreta eta Mikel Valverdek osatutako epaimahaiak.
Pamiela argitaletxearen arabera, “…egileak beldurra eta egonezina sentiarazteko gai den narrazioa eraiki du. Nolanahi ere, bukaeran irribarrea pizten du, hizkuntzarekin jolastuz, halako alkimia baten bitartez. Bukaera harrigarri horrek, atzera egin eta, berriro irakurtzen hastera bultzatuko du irakurlea. Bigarren irakurketa horretan oso bestelako ondorioak aterako ditu”. Aipatzekoa da egileak irudiak sortzeko erabili duen teknika: pirograbatua oholaren gainean.
Leire Salaberria (Andoain-Gipuzkoa, 1983) Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Haur eta gazteentzako irudigintzari buruzko gradu-ondoko ikastaro batekin eta diseinu grafikoari buruzko beste batekin osatu zuen bere prestakuntza Bartzelonan. Gaur egun irudigintzan egiten du lan. Hainbat lehiaketa eta bekatan hautatu dute Leireren lana. 2011n, ere, Etxepare saria jaso zuen Euria ari duenean lanarekin eta, euskaraz gain, hiru hizkuntzetan argitaratu zen (galegoz, gaztelaniaz eta bretoieraz).
Nontzeberrin bere ilustrazioak ere baditugu.



