
Joan den asteko San Fermin egunean hasi zen Bakioko Udalak, Bakioko Abesbatzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolaturiko aurtengo Bakioko Musika Astea, eta uztailaren 28ra bitartean luzatuko da.
Bakioko Musika Asteak ibilbide luzea du, izan ere, orain garatzen ari denak XXX. edizioa da. Joan den astean Seiren taldeak kontzertu ederra eskaini zuen. Bere ostean, beste proposamena asko dira oraindik entzungai, guztira 8 kontzertu baitira. Aspaldian Andra Mari Parrokian egiten ziren kontzertu guztiak baina aurtengo ekimenean Txakolingunean, Bentako Plazan eta Sabino Arana etorbidean ere egongo da zer entzun.
Bihar izango da hurrengo zita, 19:00etan, Bentako Plazan Ezberdin Kolore, Euskal Folklore saioarekin, eta Sabino Arana etorbidean, 21:30ean, BraZZtet MV Brass Band taldearen kontzertuarekin.
Uztailaren 18an, 20:00etan, Andra Mari Eleizan, musika klasikoa Miguel Pisonero, Olatz Ruiz De Gordejuela eta Unai Ruiz De Gordejuela hirukotearen eskutik.
Uztailaren 19an, 20:00etan, Andra Mari Eleizan, 2 Poliedro izeneko saio musikatua. Uztailaren 20an, Tonos Humanos abesbatzaren txanda izango da. Uztailaren 21ean, Botxo Boogies taldea izango da protagonista, eta uztailaren 28an, 20:00etan, Txakolingunean Josu Bergarak kontzertua eskainiko du.



