MUSIKA

Herri dantza eta musika gaurkotzen

Kasualitatez ezagutu zuten elkar Korrontzi eta Oinkarik. Izan ere, iazko ekainean folk bandak Billabonan jo behar zuen, eta dantza taldeak hiruzpalau dantza prestatu zituen emanaldi horretarako. Lankidetza hori luzatu eta Infernuko Hauspoa jaio da. "DVDan agertzen diren kantuak zuzenean Getxon grabaturiko diskoan daude, beraz, ez dugu CDrik egin; oraingoan, gainera, dantza izan da garrantzitsuena, beraz, DVDa egin dugu horrek aurrekontua handitzea ekarri duen arren", esan du Agus Barandiaran trikitilari, abeslari eta Korrontziko liderrak.

Istorio polita kontatu du Agusek DVDaren izenburua aipatuz. Izan ere, duela 100 urte inguru trikia gurean sartzen hasi zenean erromerietan, elizak infernuko ahuspoa deitu zion, eragiten zituen dantza "deserosoak" zirela eta, bikoteek lotuta dantzatzen baitziren. "Dantza eta musikaren arteko erlazio bitxi horretatik dator titulua".

Bai musika bandak, bai dantza taldeak helburu bera izan dute, alegia, Euskal Herriko dantza urrats eta musika erritmo tradizionalak modernizatzea. "Herri musika eta dantza eraberritzea izan da helburua, folka gaurkotzea". Horretarako, 16 kantu grabatu dituzte. Batzuk EITBk Miramonen duen platoan, eta beste batzuk Bizkaiko zenbait txokotan, tartean, Guggenheim Museoa eta Gaztelugatxe.

Alazne Gurrutxaga Oinakariko ordezkaria ere izan da aurkezpen ekitaldian. Pozik agertu da, ekimen honen bitartez dantzariek Euskal Herritik kanpo aritzeko aukera baitute. Izan ere, Korrontziren kontzertuen %48 kanpoan izan dira, hala nola, Frantzia, Portugalen edo Azoreetan. "Oinkariren familia (taldeak 300 dantzari hartzen ditu), gainera, orain gehiago handitu da Korrontziren lankidetzarekin".

DVDa 52 orrialdeko liburuxkarekin dator, non kantuen partiturak eta dantzen azalpenak jasotzen diren. Ikuskizun hau Durangoko Azokaren baitan ikusi ahal izango da hilaren 8an, 18:30ean.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button