
Getxoarte 2022 abenduaren 15etik 18ra gauzatuko da, eta bertan hitzaldiak, tailerrak, zuzeneko pintura, performance bat eta erakusketa bat ikusteko abagunea izango da.
Hortaz, ostegunean abiatuko da arte erakusketa handia Algortako Getxo Sormen Hub berrian. Bertan, Pablo Escauriaza artista digitalak hitzaldia eskainiko du 17:30etik aurrera. Egun horretan bertan, Algortako Merkatuko Artista bat auzoan erakusketa abiatuko da, eta hor zortzi artista izango dira protagonista: David Arteagagoitia, Martín del Busto, Pablo Escauriaza, Maria Fernández de Viana, Higinia Garay, Alex Martín Casey, Natalia Monge eta Ricardo Villar. Erakusketa abenduaren 30era arte egongo da zabalik, merkatuko merkataritza-ordutegian.
Ostiralean, hilak 16, Higinia Garay ilustratzaileak Así es como lo veo hitzaldia emango du Romo Kultur Etxean (17:30). Bertan, artistak “bere lan prozesuak eta narratiba inklusiboagoak bilatzeak eskatzen dituen aldaketak azalduko ditu, gauzak irudikatzeko moduan sakonduz.” Ondoren, 19: 00etan, Idoia Zabaletak Tengo tiempo performancea aurkeztuko du. Azkenik, Helena Goñi sortzaile getxotarraren Zarata zuria erakusketaren inaugurazioa izango da.
Hurrengo egunean, Idoia Zabaleta sortzaileak zuzenduta, Manosear el futuro o meterle mano saioa egingo da. Egun horretan ere, Romo Kultur Etxean zuzeneko pintura saioa egingo da. 11:00etatik aurrera, Ricardo Villar artistak bere akuareletako baten sortze prozesua partekatuko du publikoaren aurrean. Ordu horretan bertan dantza inklusiboko tailer elebiduna izango da Natalia Mongeren eskutik, funtzionalitate desberdinak dituzten pertsonei zuzenduta. 11:30etik 13:30era serigrafia tailerra izango da Algortako merkatuan, Sol Benavente eta Pablo Escauriaza artistek gidatuta, Hibernando kolektibotik. Ondoren, 13:00etan, David Arteagagoitiak bere ibilbideaz hitzaldia emango du. Azkenik, Getxoarteko hirugarren jardunaldiari amaiera emateko, beste hitzaldi bat emango du Karlos Martinez Bordoyk, Getxoarte 2022 Egoitza Bekaren irabazleak.
Azken egunean, igandean, Romo Kultur Etxean, emakumeentzako antzerki tailerra izango da 11:00etatik aurrera, Maria Fernández de Vianak zuzenduta. Ordu horretan ere Alex Martín Casey margolariaren estudiora bisita egingo da. Eta 13:00etan, Getxoarte 2022ren egitarauari amaiera emango zaio Martin del Bustoren hitzaldi batekin.
Programazioa osoa hemen kontsultatu ahal duzue.