MUSIKA

Enablers kaliforniarrek Getarian eta Bilbon joko dute

Enablers banda kaliforniarrak Getariako gaztetxean egingo den Noiznahi jaialdiaren 15. edizioan parte hartuko du, larunbatean, azaroak 14, 22:00tatik aurrera. Astelehenean, berriz, azaroak 16, Bilboko Satelite T tabernan izango dira estatubatuarrak, 20:30etik aurrera.

Enablers taldeak iragan otsailean Atypeek diskoetxe frantsesak plazaratutako The Rightful Pivot diskoa aurkeztuko du. Estatubatuarren proposamena oso pertsonala da: Post-hardcore edo post-rock estiloen baitan kokatu daitekeen arren, laukotearen musika Pete Simonelli abeslariaren jarioaren inguruan ardazten da.

Simonelli kantaria ez ezik, idazlea ere bada, eta bere abesteko modu ilun eta sakona istorio-narratzaile baten antzekoa da, spoken-word formatutik gertu, Joe Goldring eta Kevin Thomson gitarra-jotzaileek Slint bandaren tankerako giroak eraikitzen dituzten bitartean.

Noiznahi jaialdia

Aipatu denez, Enablersek Getariko gaztetxean egingo den noiznahi jaialdiaren 15. edizioan parte hartuko du, larunbatean. Egun horretan honako talde hauek ere joko dute estatubatuarrekin: Api Uiz 2.0 (Afrikanist noise-punk, Bordeaux-Paris, Frantzia), Batalj (Noise trash-punk, Berlin, Alemania) eta SBA (Punk oi, Getaria).

Noiznahi jaialdia baina, ostiralean hasiko da, azaroak 13, 22:00etan: Arrotzak (Punk, Donostialdea), Eten  (Noise-punk, Ezkerraldea) eta Viva Bazooka  (Noise-punk, Gasteiz) taldeekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button