
USOPOP musika jaialdiaren laugarren edizioa maiatzaren 4an egingo da Saran (Lapurdi). Antolatzaileek dagoeneko jaialdian parte hartuko duten bi izen iragarri dituzte: Bigott espainiarra eta Wilhelm & The Dancing Animals nafarrak. Jaialdia estreinakoz egingo da udaberrian.
Biggot Zaragoza hiriko musikariak martxoaren 18an argitaratu du Blue Jeans (Grabaciones en el Mar) izenburuko lan berria. Diskoetxeak zabaldu duen oharraren arabera, “diskoa Brasilgo Trancoso oihanean grabatu zen, zuzenean, eta musikari guztiek batera jotzen… oihanaren erdian, gau eta egun, txitxar, tximino, eltxo denge eta bertako bestelako faunarekin lankidetzan”.
Wilhelm And The Dancing Animals nafarrek pop eta folk doinu dinamiko eta koloretsuak jorratzen dituzte, punk jarrera espontaneoarekin. Iaz, The War of The Species disko gomendagarria argitaratu zuten Origami Records diskoetxearen laguntzarekin.
Bestalde, gogoratu hil honen 14an Usopopek bere diskoetxearen lehendabiziko erreferentzia argitaratu duela: Lapurdiko Aguxtin Alkhaten Ihes Egin EPa. Orain arte bakarrik aritu bada ere, oraingoan taldea osatu du lan hau grabatzeko eta zuzenean aurkezteko: Willis Drummondeko Xan Bidegain (baxu jotzailea) eta Felix Buff (bateria jotzailea), eta Sister Simone and The Holly Balls eta Okabe taldeetako Julien Labat (gitarra jotzailea) izan dira Alkhatekin estudioan izan diren musikariak. Alkhatek folk-rock estiloko kantuak idatzi ditu.