MUSIKA

Musikagileak, musika garaikidea josten

Musikagileak Musika Garaikidearen Zirkuituaren bigarren edizioa aurkeztu zuten atzo Bilbon. Egitarau horren baitan atondu dituzten emanaldiak irailaren 27an eta 29an hasi ziren, Daniel Oyarzabal eta Laboratorio Klem musikariekin, hurrenez hurren. Biak ala biak Donostian aritu ziren.

Hurrengo hitzordua gaur bertan izango da Bilboko Teatro Arteria Campos Eliseos aretoan: Alfonso Gomez piano-jotzailea.

Ekimenaren helburua musika garaikidearen sorkuntza babestea da, jendeari esperientzia artistiko berriak ezagutarazteko eta entzule berriak erakartzeko. Horretaz gain, musika estilo hori entzuteko ohitura sortu nahi dute eta arlo horretako euskal profesionalen jarduna sustatu.

Aurtengo edizioan bada berrikuntzarik. Batetik, iaz parte hartu zuten hiriei, Bilbo, Donostia eta Gasteiz, Iruñea gehitu zaie. Bestetik, kontzertu kopuruak gora egin du, sei izatetik zortzi izatera pasatu dira. Azkenik solasaldi sorta ere antolatu dute Sormenari Buruzko Hizketaldiak izenburupean.

Gainontzeko emanaldiei dagokienez, etzi, urriak 6, Sigma Project bandak joko du Bilboko Teatro Arteria Campos Eliseos aretoan.

Urriaren 18an eta 20an, berriz, zirkuitua Gasteizen izango da. 18an, Quinteto Bortz izango da eta 20an Ensemble Kuraia. Emanaldiak Jesus Guridi Kontserbatorioaren Auditoriumean egingo dira.

Azkenik, Bertrand Chavarria eta Musikusvie Iruñeko CIVICAN Auditoriumean arituko dira, urriaren 25ean eta 26an, hurrenez hurren.

Musika garaikidearen egitarau osoa hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button