IKUS-ENTZUN

“Handia” pantailaratuko du Fas zineklubak

Bilboko FAS zineklubak Handia (2017) film ezagun eta arrakastatsua aurkeztuko du bihar, El Carmen aretoan, 19:45ean.

Zineklubaren arabera, “errezelo handiak izan genituen egitarauan sartzeko ere, izan duen arrakasta ikusita, baina pantaila barruan zein kanpoan bi pertsonai horiek (Martin eta Migel Joakin Eleizegi –Joseba Usabiaga eta Eneko Sagardoy–) duten magiak harrapatu gintuen, eta azkeneko bultzadatxoa bakarrik falta zen”.

Filmak 10 Goya sari jaso zituen 2017an. Donostiako Zinemaldian, halaber, beste bi sari jaso zituen: Epaimahaiaren Sari Berezia eta Euskal zinea saria.

Film poetikoa da, eta estetikoki zoragarria da. El Correo egunkariko kritikari Oscar Belateguik hauxe idatzi zuen pelikularen harira: “Film liluragarria da, tradizioa eta modernitatea, eta errealitatea eta legenda kontrajartzen dituena”.

Fas zineklubaren arabera, filmak ondokoa kontatzen du: “(…) Eta filmari erreparatuz, XIX. mendeko baserrira goaz (soziologia) eta, gerra guztiek bezala, gizartea zatitu zuen gerra karlistara (historia); eta, horrekin guztiarekin, ‘erraldoiei’ buruzko zurrumurru bat. Osagai horiek osatzen dute film bikain hori; eta bikaina ez teknikoki bakarrik, nahiz eta hori aipatu izan den gehienbat, bikaina aktoreen lana ere, poztu zein hunkitu egingo gaituena. Lan aparta Ramon Agirrerena…”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button