Asteburu honetan, Getxon, Habanera eta Itsas Abesti Jaialdia egingo da hiru talderen partehartzearekin. Kataluniako Xarxa eta Mestre d ‘Aixa taldeak, eta Liuba Maria Hevia konpositore, trobadore eta abeslaria.
Lehen kontzertua gaur berton, irailak 8, izango da, 20:00etan, eta hor Xarxa habanera laukotea arituko da. Taldeko kideak abesbatzen munduan ibilitakoak dira eta errepertorio herrikoia eskaintzen dute, umore ona eta profesionaltasuna oinarri hartuta.
Biharko saioan Mestre d’Aixa taldea arituko da. Taldea orain 35 urte sortu zen. Ordutik taldeak egitura berbera mantendu izan du: ahots mistoak, akordeoia eta gitarra, perkusio tresnekin lagunduta. Taldeak habanera eta itsas-erritmoak abesti herrikoiekin nahasten dituen berezko estiloa du.
Azkenik, igandean, Liuba Maria Hevia, musikagile, trobadore eta abeslariaren txanda izango da. Kuba eta iberoamerikar musika arloko ezinbesteko ahotsa da emakume hori. Hemezortzi urte besterik ez zituela Nueva Trova Cubanan sartu zen, eta gaur egun hogei bat disko ditu plazaraturik. Bere ahotsean habanera, guajira, tangoa, Espainiako haur-kantutegi tradizionala eta Venezuelako folklorea entzun ahalko dira.