MUSIKA

“Iparraldea Bertan” zikloa gaurtik aurrera Donostian

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Iparraldea Bertan zikloa hasiko da gaur. Aurten, martxoan, musika, komikia eta zinema izango dira jardunaldietako protagonistak.

Gaur, ekimenak antolatutako kontzertua izango da Julen Achiary eta Maddi Oihenart musikariekin. Julen Achiaryren musikak bere haurtzaroan jasotako Euskal Herriko basa ahaideen kantuen tradizioa eta ondoren egin dituen bidaietan topatutako munduko kultura ezberdinen ekarpenak uztartzen ditu. Bere aldetik, Maddi Oihenartek Zuberoa aldean biziraun den mendiko artzainen kantu-tradizioaren ezaguera sakona dauka, haien moduan a capella abestuz eta naturan errotutako gaiak jorratuz, enfasia betiere emozioan jarriz. Biak elkartu dira euskal kultura herrikoiaren legatu ederrenetariko bat eskaintzeko gaualdi hunkigarri batetan.

Datorren astean, hilak 14, Lurbinttoko ohoinak komikiaren gainean egingo du berba Adur Larrea marrazkilariak. Liburuak 1795 urtean kokatzen gaitu: Konbentzio Gerla amaitu ondoren, Ezpeleta, Itsasu eta Kanbo inguruetako soldadu ohiak deportatu eta exiliatu ohi batzuekin elkartzen dira eta gerlan bereganatutako esperientziaz eta armez baliatzen dira gudara igorri zituztenak jazartzeko. Saio honetan Adur Larreak bere sortze prozesuan sakonduko du, dokumentazio idatzi eta grafikoan eta komikian kontatzen den kokapen historikoan murgilduz.

Azken saioa, martxoaren 21ean izango da Maia Iribarne Olhagaraik eta Paxkal Irigoyen Etxeberrik idatzi eta zuzendutako Bañolet filmaren proiekzioarekin. Filmak kontestu geopolitiko berezi batean eraiki den asmatutako herri bat aurkezten digu, populu zapalduek berriki berkonkistatu duten lurralde batean kokaturik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button