
Proiektu poltsa izeneko programaren baitan, Euskal Herriko Musika Bulegoak zenbait kontzertu didaktiko ondu ditu. Hala, Susana Cencillo soinujoleak eta Garazi Kamio idazleak Konpasetan: Bidaia intimo bat emakumeen istorioetan zehar izenburuko emanaldia egingo dute larunbatean, Markinako Uhagon Kulturgunean, 19:00etatik aurrera. Saio bera aurkeztuko dute datorren asteko asteazkenean Oñatin.
Susana Cencillo eta Garazi Kamioren egitasmoak sei emakumeren bizitza eta lanbideei buruzko bidaia proposatzen du, Kubatik Euskal Herrira. Euskal Herriko Musika Bulegoaren arabera, “eskusoinuaren laguntzaz, emakume eta abesti bakoitzaren historiak kontatuko dira lehenik, eta ondoren, haietako bakoitzarekin lotura duen pieza bana eskainiko da”.
Bestalde, Juan Mari Beltran musikariak Euskal Herriko musika eta soinu-tresnak izenburuko saioak aurkeztuko ditu Markinako Uhagon Kulturgunea, martxoaren 18an, eta Zumaiako Teatro Oxford aretoan, martxoaren 17an. Beltranekin Errege Belda (akordeoia, txalaparta, ahotsa) eta Ixiar Jauregi (panderoa, txalaparta, ahotsa, danborra, kanabera, arxaluak) izango ditu ondoan.
“(Beltranek) kontzertua baliatuko du euskal musikaren hainbat alderdi erakusteko, gure abesti, melodia, dantza eta musika instrumentuen bidez”.



