
Josu Rekalde Izagirre artistak Animalia izutua _ Izaki beldurtua izeneko erakusketa zabaldu du Bilboko Espazio Marzana galerian. Urtarrilera bitartean izan dira ikusgai eskulturak, bideo-instalakuntzak, testuak eta soinuak fluxu bat.
“Mundua izeneko leku honetan, galdezka eta kolpeka pentsatzen duen artista bat bezala ikusten dut nire burua, ahal dudan moduan arrastaka eramanez errealitatea bere hertz zorrotzetik. Inplantatutako euskarri gisa funtzionatzen duten gailuen pantailek errealitatearen bitartekari bezala jarduten dute gure eguneroko jokabidean, biopolitikoki oztopatzen duten protesi gisa. Baina teknofobiatik aldenduz, materia elektronikoa erabiltzen dut sormen-prozesuaren eta pentsamendu kritikoaren nahasketa horretan, egurra, argazkia edo pintura erabiltzen ditudan bezala.
Hiru instalazio horien audioak soinu-paisaia bakarra osatzen du. Bere osotasunean, galerian soinu-eskultura bat bezala espazioan sakabanatutako kanal anitzekin hedatzen den proposamen bat entzuten da.
Erakusketa gune hau, Marzana Espazioa, haurra nintzenetik markatutako tokia da. Hemendik San Anton zubia eta Erriberako merkatua ikusten ditut, hemendik nire haurtzaroari begiratzen diot eta sormen prozesu hau bizitza ikaskuntza luze gisa ikusten dut.
Animalia izutua _ Izaki beldurtua erakusketa honetan gizakiaren animalia-gorputz horri buruzko gogoeta egiten dut, hauskortasun handikoa izanik, bere azal delikatua zeharkatzen duten gerra-makinak sortzeko beharrarekin kontrastean baitago. Izututa dagoen animaliak gizakiarengandik ihes egiten du, gizakiak aldiz, ikaratuta, koraza bat sortzen du eta taldeka elkartuko da bere kideei erasotzeko.”