BERTSOTAN

Getxon abiatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia

Bost urteko etenaldiaren ostean, indarberrituta dator aurten Bertsolaritza Txapelketa Nagusia. 18.edizioa Getxon abiatuko da irailaren 24an eta Nafarroa Arenan jokatuko da final nagusia abenduaren 18an Iruñan.

Bertsozale Elkarteak aurkeztu berri duen aurtengo edizioan, 42 bertsolari arituko dira 14 saiotan. Gai-jartzaile taldea, aldiz, 14 lagunek osatuko dute eta epaile lanetan 21 aditu arituko dira.

2017ko Txapelketako finalistek eta herrialde bakoitzean sailkatutako bertsolariek izango dute 2022ko Txapelketa Nagusian parte hartzeko aukera. Lehenengo fasean 36 izango dira buruz buru arituko direnak: 2 Arabatik, 10 Bizkaitik, 16 Gipuzkoatik, 5 Nafarroatik eta 3 Xilabatik sailkatutakoak. Finalaurrekoetan, aldiz, aurreko edizioko finalistak sartuko dira.

Badira zenbait bertsolari, baina, txapelketan parte hartzeari uko egin diotenak: Beñat Lizasok, Etxahun Lekuek, Jokin Uragak eta Jon Maiak, beste batzuen artean. Horien ordez, halere, beste bertsolari batzuk hartuko dute oholtza. Ez da gauza bera gertatuko, ordea, Aitor Sarriegi eta Igor Elortzaren kasuan. Bi bertsolariok parte hartzeari uko egin ondoren, aurreko txapelketan finalean sartu zirenez, ez du horien lekua inork ordezkatuko.

2022ko Txapelketa Nagusiaren lehen saioak irailaren 24an Getxon eta 25ean Arrasaten izango dira eta sarrerak dagoeneko eskuragarri daude bertsosarrerak.eus atarian.

Bi webgune jarri ditu Bertsozale Elkarteak eskura eta Txapelketa Nagusiaren informazio osoa bertan aurkitu dezakezue, bai saioen eta parte-hartzaileei buruzkoa, zein sailkapen, laburpen eta bestelako albisteena ere. Eta telebistan, Hitzetik Hortzera ETB1ean emitituko dira saio guztiak igandero. Finalaurrekoak, aldiz, zuzenean emango dira ETB4n.

Informazio gehiago, bertsozale.eus atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button