MUSIKA

Getxoko Nazioarteko Jazzaldiak jazzaren denboraldiari emango dio hasiera

Gaur berton uztailaren 4tik 8ra egingo den Getxoko 42. Nazioarteko Jazzaldia aurkeztu dute. Euskadiko jazzaren denboraldiari Getxo Jazzek ematen dio hasiera.

Jazz Euskadi zirkuituari hasiera emateko kalitatezko egitaraua ondu dute Getxon, figura entzutetsuak eta artista gazteak batuz. Indar handiko ahotsa duen Charenée Wadek jaialdiaren ateak zabalduko ditu, Gil Scott-Heron eta Brian Jacksoni omenaldi musikala eginez.
Hurrengo egunean, Kenny Garrett arituko da, “ziurrenik bere belaunaldiko saxo altorik onena”. Grammy baten irabazlea da eta izen handiko musikariekin aritua: Freddie Hubbard, Woody Shaw, Art Blakey eta Miles Davis.

Izen handiak ez dira amaitu, eta goikoen ostean, Billy Hart-ek eskainiko du kontzertua, (bere ibilbidean Miles Davis, Wayne Shorter, McCoy Tyner, Herbie Hancock eta Stan Getzekin aritua da).
Hilaren 7an, Getxo Jazzek flamenko-jazzaren izen handienetariko bat hartuko du: Chano Dominguez, espainiar musikari nazioartekoenetako bat. Eta azken egunean, duo bikaina izango dute Getxon: Michel Camilo piano-jotzailea eta Tomatito gitarra jole flamenkoa; bi birtuoso flamenkoa eta latin jazza nahasteko prest.

Getxok beste ekimen batzuk hartuko ditu jazzez blaitzeko xedez. Egun horietan taldeen lehiaketako emanaldiak eta Hirugarren Milurtekoaren ataleko kontzertuak antolatu dira. Algortako The Piper’s Irish Pub tabernan ohikoak diren jam saioak ez dira faltako.  Eta aurten nobedade gisa umeentzako kontzertu bat ere egingo da. Artea ere presente izango da egun horietan, Iosune Olaeta artista bizkaitarraren margolanen erakusketa baten bidez.

Getxo Jazzek egin duen programazio guztia, hemen kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.