ESZENA

Getxoko Nazioarteko Folklore Jaialdia asteburu honetan izango da

Uztailaren 16tik 18ra Getxoko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren 36. ekitaldia izango da. Egunotan Senegal, Ipar Irlanda eta Getxoko taldeak Muxikebarri aretoan arituko dira 19.00etatik aurrera.

Jaialdia gaur berton abiatuko da Itxartu Dantza Taldearen eskutik. Talde horrek euskal dantzak eta kultura etengabe berritzeko helburua izan du, dantzari berrien prestakuntzan egiten duen lanari esker. Jaialdiaren edizio honetan, Asier Bilbao Goitiak zuzendutako taldeak pandemiak gizartean sortu dituen emozioak irudikatuko ditu, Euskal Herriko dantza eta musika tradizionalen bitartez.

Programazioan aldaketa bat egon da uztailaren 17 eta 18ko egitarauan. Ballet Jammuren emanaldia uztailaren 17rako aurreikusita zegoen baina hilaren 18an izango da. Jammu balleta 2008an sortu zen Dakarren (Senegal). Guztira, 20 artista bilduko dira Getxoko saioan, Senegaleko etnia guztietako musikari eta dantzari gazteak, hain zuzen ere.
Trim the Velvet taldea ez da 18an arituko, 17an baizik. Bere ibilbidean zehar, Europako hainbat jaialditan jardun dira, eta, horietan, irlandar dantza tradizionaletan trebezia handia erakutsi dute, battering delako bereizgarri hartuta, hau da, dantza horiek nazioartean ezagun bilakatu dituen zapatek eginiko soinua.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button