Getxo Folk jaialdia irailaren 11tik 15era bitartean egingo da, eta aurten 40 urteko ibilbidea ospatuko du. Betiko legez, sustraiko soinuen eta munduko musiken erakusleihoa izango da.
Egitarauan nazioarteko artistak bilduko dira, hala nola Buika abeslaria, edo estatuko folkaren izen nabarmenak ere, Milladoiro galiziar talde beteranoa, adibidez.
Aurtengo edizioan jaialdiak 13 emanaldi bilduko ditu hiru kokapenetan: Muxikebarrik ordainezko kontzertuak hartuko ditu (20:00) artista nagusien eskutik; Areetako Geltokia plazan goizeko (13:00) eta arratsaldeko (18:00 eta 19:30) emanaldiez gozatzeko aukera izango da, eta azkenik, Ereagako hondartza izango da gazteentzako emanaldien eszenatokia ostiralean eta larunbatean (22:00).
Esne Beltza euskal taldea azken agertoki horren gainean izango da, irailaren 14an, larunbatean. Banda gipuzkoarrak, doinu-estilo anitzeko fusioa eta mestizajea nahastu ditu beti, bai eta rock, euskal folk, hip-hop, reggae eta flamenkoa ere. Esne bidea azken diskoa haizatuko dute Getxon. Lan horren bitartez agur esango diete agertokiei, Agur deneri izeneko azken bira egingo dutela iragarri eta gero.
Hilaren 15ean, Getxo Folk-en 40 urteko ibilbidea ospatzeko, Getxo Folk 40 izeneko ikuskizuna izango da. Juantxo Zeberiori esker euskal folkaren iragana, oraina eta geroa aitzakia hartuta ikuskizun berezi bat oholtzaratuko da. Ikuskizun horretan Maddi Oihenart, Olaia Intziarte, Agus Barandiaran, Juan Mari Beltran, Leturia, eta Verde Prato artistak bilduko dira.
Informazio gehiago webgune honetan duzue.