BESTELAKOAK

Gazteentzako teknologia laborategia, “Haritu” ekimenari esker

Azaroaren bukaeran EDE Fundazioko Suspergintza elkarteak martxan jarri zuen haritulab.eus, hezkuntza digital kritikoaren inguruan hausnarketak eta ezagutzak partekatzeko gazteentzat pentsatutako webgunea.

Haritu  proiektu 2019ren bukaeran jaio zen Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbao eta Suspergintza EDE Fundazioak egindako elkarlanaren ondoren. Ezagutza horretatik abiatuta bide ezberdinak landu nahi ditu proiektuak eta horietariko batek webgune forma hartu du: haritulab.eus. 2019an egindako lanagatik haritulab.eus STEAM Euskadi sarien finalista suertatu zen 133 ekimenen artean. Horrek ere animoak eman dizkio lantaldeari gazteekin lan-ildo hau bultzatzeko.

Orain, beste urrats bat eman dute, eta Gazteentzako neguko teknologia laborategia abiaraziko dute. Laborategiak garai arraro hauetan harremanetarako eta ezagutza partekatzeko lekua izan nahi du gazteen agendan; gure munduan dauden teknologien inguruan ikasi eta partekatzeko gai hauetan adituak diren pertsona ezberdinekin.

Egiteko modua online izango da, musukoa kenduta aurpegiak ikusiko dizkiote elkarri, 15 pertsonarekin prestatuko den topaleku birtualetan, eta landuko diren gaiek gaur egun bizi dugun digitalizazioarekin harremana handia dute eta gazteen kultur digitalaren ideiaren inguruan modu ezberdineko eragina ere badute.

Gaiak honakoak izango dira: Autodefentsa digitala (Interneten gabiltzanean beste pertsona eta erakundeen jokabide eta interesetatik babesteko baliabide eta esperientzien inguruan gehiago jakiteko hiru lantegi); Bideo jokoak (azken aldian bideo-jokoetan Streaming-a ezin besteko tresna bihurtu da jokalarien arteko ezagutza partekatzeko eta harremanak lantzeko); Fabrikazio digitala (fabrikazio digitala gure bizitzako ia gauza guztietan dago, ordenagailu bidez diseinatu eta diseinua makina batekin egitea da fabrikazio digitala); eta Sorkuntza digitala (askotan Interneten gure burua kontsumitzaile hutsak bezala ikusten dugu. Baina esploratzeko eta esperimentatzeko baliabide ugari eskaintzen ditu).

Proiektu hau posiblea egin da Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak euskara eremu digitalean sustatzeko emandako diru-laguntzari esker.

Izena emateko eta bestelako xehetasunak Haritu webgunean dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button