LITERATURA

Gauza ugariren oroitza

J.M. Olaizola “Txiliku” idazleak Zeruak eta infernuak izeneko lana plazaratu du. Gauza ugariren oroitza gisan jarri ditu atalak liburuaren barnean, kontu eder askori buruz berba egiteko.

Elkar argitaletxeak hala sailkatu du lan bitxi hori: “45 piezaz osaturiko bilduma eder honetan, bere jakintza zabala eta begirada zorrotza erabiliz, beste horrenbeste bidaia harrigarri egitera gonbidatzen gaitu Txilikuk, denboran zehar eta espazioan barrena, mundu erreal nahiz ametsezkoetan gaindi: Grezia eta Erromako mitologiak, Txinako poemak eta Arabiako lurrinak, animalia misteriotsuak zein landare bitxiak, liburu zaharren orri artetik erreskataturiko pasadizo xelebreak eta kondaira gogoangarriak, garai bateko ohitura galduak eta tresna ahaztuak…
Hango eta hemengo historia eta istorioen artetik, baina, bat nagusitzen da: gizakiak imajinatu (eta batzuetan gauzatu) dituen zeruak eta infernuak, paradisuak eta haien ifrentzuak, simetria joko batean bezala asmatu izan ditugun utopia desiragarriak nahiz distopia beldurgarriak, denak ere egilearen umore sotil eta gizatasun sakonaren bahetik pasata; erudiziotik harago, maitasun eta maisutasunezko arrastoa uzten duen ariketa literario batean”.

Idazleak berak lan horren nondik norakoak ere azaltzen ditu lehen orriotan: “duela urte batzuk, erretiroa ez baina jubilazioa hartu garaian, banuen halako alferrikako entziklopedia bat egiteko asmo bitxia, neuk aukeratutako baliorik gabeko baina irakurtzeko atseginak izango ziratekeen gaiekin osatua. Beroaldi hartatik gauza gutxi laga dut zutik denborak: handiustea nabarian uzten duen sarrera bat Gauza ugariren oroitza deitua, eta dozena-erdi bat sarrera balizko entziklopedia hartarako.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button