
Maria Dueñas eta Lorenzo Silva idazleek osatuko dute Bilboko Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoan egin ohi den Eztabaidak Literaturarekin programaren azken saioa. Solasaldia hilaren 14an, asteartea, izango da 19:30ean, eta pertsonaien sorkuntzari buruz arituko dira.
Topaketaren moderatzailea, Radio Euskadiko Kike Martin kazetaria izango da. Martinek liburuei eta literaturari buruzko Pompas de papel irratsaio ezaguna aurkezten du Felix Linaresekin batera
Gonbidatutako idazleek zenbait gai landuko dituzte; hala nola, pertsonaia bat nola sortzen den eta nola eboluzionatzen duen; zer sortzen den lehenago, pertsonaia ala istorioa; zer den zailagoa, bigarren mailako pertsonaia ala protagonista sortzea; edo egilearen zenbat islatzen den bere kontakizunetako protagonistetan.
Ingeles Filologian doktore eta Murtziako Unibertsitateko irakasle titularra da María Dueñas (Puertollano, 1964), eta salmenta ikaragarriak erdietsi dituen El tiempo entre costuras nobela idatzi du.
Lorenzo Silvari (Madril, 1966) dagokionez, Zuzenbidean lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta El alquimista impaciente eta La estrategia del agua liburuak idatzi ditu, besteak beste.