ESZENA

Gaur hasiko da “Umore Azoka Leioa” jaialdia

Gaur hasita eta irailaren 19ra bitartean Umore Azoka Leioak ikusgarriz beteko ditu herri horretako kaleak eta plazak. Egun horietan guztietan antzerkia, dantza eta zirku garaikidea izango dira ardatz nagusiak, baina umorea, musika, magia, dantza bertikala, txotxongiloak eta ikuskizun piroteknikoak ere ez dira faltako. Bertaratuko diren konpainiek 94 emanaldi egingo dituzte.

Euskal Herriko Ertza taldea izango da ekimenaren ateak zabalduko dituen taldea Dye dye obrarekin. “Hitzak, mugimenduak, emozioak, esperientziak eta besteekiko harremanak nagusitzen dira gure esentzian, eta mila kolorez betetzen dute. Eta geuk ere gure tonalitateez betetzen ditugu besteen esentziak.” Pieza horretan, “bi pertsonak topo egin eta elkarri erakusten diote beren koloreen paleta, beren bagajea, beren bizia; urtu eta ostadar berri bat sortu arte.”

Aurten, Euskal Herriko, Estatuko eta Europako beste herrialde batzuetako 39 konpainia (programazioa osatzen duten 39etatik 22 Euskal Herrikoak dira) izango dira Leioan, ikus-entzule guztientzako emanaldi mordo batekin. Euskal Herriko taldeez aparte Estatuko 14 konpainiaren eta nazioarteko 3ren parte hartzea izango da, eta talde batzuk Belgika, Portugal eta Ukrainatik etorriko dira. Estatuko konpainiei dagokienez, Madril, Murtzia, Gaztela eta Leon eta Galiziako konpainiak etorriko dira.

Bertan ere jaialdia eta azoka profesionala uztartzen dira, eta lau egun horietan ikusgarriez gain konpainiek eta profesionalek lan egiteko eta esperientziak partekatzeko gune aproposa izango dute jaialdia. Esan dugun moduan, Umore Azoka Leioa eszenaren sektorea ezagutzeko, elkartzeko eta hausnartzeko gune gisa eratu da, eta horregatik, aldi berean, hainbat jarduera profesional egingo dira. Horretarako 190 profesional baino gehiagok eman dute izena.

Hemen duzue egitaraua.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.