
Gaur hasita eta datozen hiru asteetan (ekainaren 6tik 30era) Getxophoto Irudi Jaialdia egingo da, eta Play gaiaren mutur guztiak arakatuko ditu. María Ptqk komisario bilbotarrak zuzenduko du programa artistikoa.
Play gaiaren hautuaz honako azalpena eman dute antolatzaileek: “play-k martxan jartzeko ideiara daramatza lehenik eta behin. Estimulua eta mugimendua ekartzen ditu gogora, bulkada eta bizitasuna. Ingelesez play-k literalki jolastea esan nahi du, ziurrenik giza okupaziorik sortzaileena dena. Hala ere, jolastea jarduera konplexua da, hainbat itxuratan ager daitekeena. Hizkuntza askotan, jolasteak pertsonaia bat interpretatzea edo instrumentu bat jotzea ere esan nahi du. Horregatik, jolasaren definizio bakarra eskaintzea ezinezkoa da. Argi dagoena da jolasa lehen mailako giza praktika dela, oinarrizkoa ikaskuntzan, bizitzako esparru guztietan dagoena eta arteetatik banaezina. Play esaten dugunean, beraz, aktibazioen unibertso handi horri buruz ari gara, eta, bereziki, imajinarioan duen eraginari buruz”.
Aurten Suitza, Japonia, Alemania, Txina, Argentina, Brasil, Espainia, Ukraina, Estatu Batuak, Polonia edo Errusia herrialdeetatik datozen 22 artistek beren lana erakutsiko dute hainbat espaziotan: Algortako erdigunean, Ereagako hondartzako pasealekuan eta Romo–Areetan. Punta Begoña Galeria jaialdiaren beste kokaleku bat izango da, eta bigarren urtez jarraian, erakusketetako bat Ereagako igogailuan egingo da, Masahisa Fukase nazioarteko artista ospetsuarena.
Parte hartuko duten artista handi horietariko batzuk hauxek dituzue: Luisa Dörr, Manuela Lorente, Hermanos Zubiaurre, Michalina Kacperak, Jana Sophia Nolle, Arnau Rovira, Alejandra Carles-Tolra, Emanuele Binetti, Maxim Zmeyev, Raquel Meyers, Verónica Fieiras Spasi Sohrani,…
Jakingarri guztiak Getxophotok dauzka.