IKUS-ENTZUN

Gaur hasiko da “Dock of the Bay” zinema jaialdia

Gaur arratsaldean hasiko da Dock of the Bay Donostiako Musika Dokumentalen Zinema Jaialdia. Larunbatera bitartean makina bat film ikusteko parada eskainiko du festibalak.

Sei egunotan 23 proiekzio izango dira. Zazpi lan egongo dira Sail Ofizialean, 8 dokumental film laburren Lehiaketa Atalean, eta zortzi film film luzeen Perfect Day atalean.

Gaur, Wiebke Pöpel-en Helmut Lachenmann lanarekin hasiko da jaialdia. Filma Helmut Lachenmann (85 urte) konpositorearen erretratu pertsonala da. Geroago, 20:30ean, Lisa Rovnerren Sisters with transistors eskainiko da Trueba zinema-aretoetan. Bertan, musika elektronikoaren munduan aitzindari izan ziren emakumeak omentzen dira.

Elkarrizketak espazioa ere iragarri du Dock of the Bay Jaialdiak, musikaren eta zinemaren etorkizunari buruzko solasaldiak bilduko dituena. Horiek guztiak galdera honetatik abiatuko dira: Nola berrabiarazi gure etorkizuna?. Hainbat teorialari, kritikari, programatzaile eta zinema-zuzendariri egingo zaie eztabaidatzeko gonbidapena. Ekainaren 9an izango da lehen saioa, eta Xabier Erkizia konposatzaile, soinu-artista eta arte-ekoizleak, Marina Lameiro zinemagile eta Dardarako zuzendariak, Arantzazu Calleja konposatzaile eta Akelarre filmarekin Goya irabazi duen sortzaileak, eta Leire Apellaniz zinemagile eta ekoizleak hartuko dute parte.

Dock Live! espazioa ere bidean jarriko da, musikaren, ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen inguruan aritzeko. Bi saio berezi izango ditu aurten Dock Live! sailak, ekainaren 10ean eta 11n, Tabakalerako Kutxa Kultur-en eszenatokian. Beste aldetik, jaialdiak irauten duen egunetan, Kutxa Kultur Plazaren video-wallean, egunero proiektatuko dira Musikeneren bideo musika lanak.
Zuzeneko hainbat irratsaio ere egingo da sariketan zehar. Adibidez, Niño de Elche musikariak El disco de tu vida aurkeztuko du Asier Leoz eta Juan Luis Etxeberriaren eskutik ekainaren 11n.

Jarduera paraleloen egitarau potoloa dakar aurtengo edizioak, film sorta galantarekin batera.

Egitarau osoa, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button