
Azkue Fundazioak kudeatutako Euskararen Etxean, ostegun honetan, irailak 18, erakusketa biren inaugurazioa eta kontzertu bat programatu da, 19:00etan. Iñaki Mendizabal eta Xabier Barrios erakusketen aurkezpenarekin batera, eta Josu Bergara kantautorearen kontzertua egongo da.
Iñaki Mendizabal (Berriatua, 1968) hainbat hedabidetan kazetari ibiltzen da, eta horretaz gain, argazkilaritza du pasio ezkutua.
Euskararen Etxean Zain izeneko sailetik lau lan eskegiko ditu, eta beste hiru Frakzioak sailekoak izango dira. Lehena Kuban ateratako argazkiak dira. Kuban zain egoteak bestelako ñabardurak ditu, gurean ez dituenak. Kuban zain egotea ia-ia ofizio bat da, eguneroko ogia. Beti zer edo zer gertatuko denaren zain, eta, bitartean, eguneroko sargoriarekin dantzan.
Frakzioak sailean, pelikula bateko pertsonaiak bailiran, kristal zatikatu baten aurretik pasatzen dira langileak: fotograma diferenteetan, norbanakoa da bere bizitzako aktore printzipala.
Bestalde, Xabier Barrios (Iruñea, 1984) Bilbon bizi eta lan egiten du aspalditik. Leioako Arte Ederretan lizentziatua da, eta ikus-entzunezkoetan eta argazkilaritzan espezializatu da. Artista honek Cariatides izeneko erakusketa paratuko du. Bilboko Zorrotzaurreko eraikinen fatxadak biltzen dituen seriearen izena da. Toki hau transformazio prozesuan dago gaur egun.
Josu Bergara (Ea, 1979) zazpi urtez kantautore moduan kontzertuak eskaintzen egon ostean, 2006an lehenengo diskoa grabatu zuen: Karramarroen hiria. Bigarren diskoa Nora zoaz Mutrikuko AME estudioetan grabatu zuen. 2012an, bere lanik berriena argitaratu zuen, Katiuska gorriak. Lan honen gaineko kantak eskainiko ditu Eako gazteak.



