IKUS-ENTZUN

Mendi eta abentura astea, Iruñean

Martxoaren 6til 10era bitartean, Gaztaroa mendi taldearekin elkarlanean, mendiz eta abenturaz beteriko filmak pantailaratuko dituzte Iruñean.

Gaur berton abiatuko da ekimena Espedizioa Arroila Handira izeneko hitzaldia eta dokumental-emanaldiarekin. Arroila Handiari Coloradoren Arroila ere esaten zaio. Leku miragarri naturala da, oso ezaguna, baina jende gutxik bete du bertako ur mugagabeetan nabigatzeko ametsa. Hitzaldiak abentura hori azalduko du, espedizioaren logistika sakon eta lehen eskutik ezagutzeko. 17 egun erabateko autonomiaz bidaiatzen Colorado ibai ahaltsuaren mendean, ibaiak milioika urtean hondeatutako lurraldearen erdian.

Bihar, hilak 7, Zeharkaldia Sherpa herrialdean izeneko hitzaldia programatu dute. Iban Gonzalezek eta Oskia Garciak egin berri duten bidaia-espedizioaren azalpena da. Oraingo honetan, Nepalgo Himalaiara joan dira trekking bat egiteko, Khumbu ibarreko hiru mendi-lepoak gurutzaturik. Aintzirak, glaziarrak, 5.000 metroko mendi-lepoak eta munduko mendirik politenetako batzuk zeharkatzeko parada izan dute. Orain, ibilbidearen nondik norakoa kontatu eta ikusitako guztia erakutsiko dute.

Martxoaren 8an, hitzaldiaren bidez ikusgaitasuna eman nahi zaie emakumeei, maiz ez baita aintzat hartzen haiek arlo horretan egiten dutena. Maite Arboniesek, espedizioak antolatzeaz gain, rafting-gida eta ur lasterretako piraguista izatea du lanbide. Gainera, beste emakume batzuen kasua ere agertuko da, hala nola Miriam García eta Silvia Vidal eskalatzaileena edota Maialen Chorraut piraguista olinpiarrarena. Bideo batzuen bidez, emakume horien guztien lorpen eta esperientzien berri emango da.

Azken bi egunetan, Mozambike eta Jordania, bizikletaz hitzaldia Xabi Luna adituaren eskutik, eta Izotzaren alabak hitzaldia Iñaki Larrea naturzale eta mendizaleren eskutik programatu dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button