Gaur, azaroak 8, Zinebi, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia abiatuko da Arriaga Antzokian María Goiricelayak eta Ane Pikazak gidatuko duten galarekin. Bertan Ohorezko Mikeldi saria Laura Poitras zuzendariari emango zaio, 19:30etik aurrera. ZINEBIk bere bi film proiektatuko ditu, zuzendariaren aurkezpenarekin: Citizenfour (2014) eta All the Beauty and the Bloodshed (2022). Jaialdiak José Luis Alcaine argazki-zuzendariari ere Mikeldi saria emango dio zinemaldiaren amaiera ekitaldian azaroaren 15ean, Arriaga Antzokian.
Aurreko edizioetan bezala, proiekzioak bi ataletan banatuko dira: Sail Ofiziala eta beste proiekzio batzuk. Lehen atalean, Sail Ofizialean, Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa eta Ziff – Zinebi First Film Nazioarteko Lehiaketa sartzen dira, errealizadore berrien lehen film luzeei eskainia. Guztira, aurtengo edizioko Sail Ofizialak 60 film hartuko ditu; horietarik 9 film luze eta 51 film labur. Asko gainera estreinaldiak izango dira. Izan ere, bederatzi opera prima programatu dira, eta horietako bat, Itoiz udako sesioak izenekoa Gijongo Zinemaldiarekin partekatutako mundu mailako estreinaldia izango da.
Dakizuenez, jaialdiak hainbat sail ditu, eta hala, Beautiful Docs sailean adibidez, Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi duen pieza ikusi ahalko da: Tardes de soledad filma. Elena López Riera, Dora García, Pello Gutiérrez, Alejandro Alvarado eta Concha Barqueroren azken lanak ere ikusiko dira. Bertoko Begiradak – Euskadiko Begiradak saila, Euskadin ekoitzitako film labur eta luzeek osatua eta euskal ikus-entzunezkoen industriako produktore, zinemagile eta profesionalen lana aintzatestera zuzendua ere izango da aurten, eta beste saio berezi batzuk ere bai.
Goian aipaturiko José Luis Alcainek azaroaren 15ean jasoko du bere saria, Zinemaldiaren itxiera ekitaldian. Bere lana aitortzeko, Zinebik Tasio (1984) proiektatuko du gau horretan bertan, duela gutxi Euskadiko Filmategiak Bolognako Zinetekaren menpeko L ‘Immagine Ritrovata laborategietan zaharberritu eta Cannesko Zinemaldiko Classics sailean estreinatua.Beste aldetik ere, Imanol Uriberen Mikelen heriotza filmaren 40. urteurrena ere ospatuko da.
Eta kontu interesgarri gehiago ere bai, adibidez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Etxepare Euskal Institutuaren bitartez, 1998an mundu osoan euskal film laburrak sustatzeko eta banatzeko sortutako Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean antolatutako Kimuak programak 25 urte betetzen ditu eta efemeride hori ospatu nahi du Bilboko Jaialdiak. Horretarako, katalogotik pasatu diren hamabi film labur proiektatuko dira, batzuk Zinemaldian sarituak izan direnak.
Jaialdiaren egoitzak honako hauek izango dituzue aurten: Arriaga Antzokia, Guggenheim Bilbao Museoa, BBK Aretoa, Bilbao As Fabrik eta Golem Alhondiga zinemak eta Azkuna Zentroko Auditorioa.
Film guztien gaineko informazioa, noiz eta non ikusiko diren, eta abar: Zinebi