ESZENA

Gaur abiatuko da “Lautan Hiru” jaialdiaren bosgarren edizioa

Gaur abiatuko da euskarazko antzerkia hauspotzea eta antzerkilariei plaza berriak eskaintzea helburu duen Lautan Hiru jaialdia. Guztira 9 pieza eskainiko dira otsailaren lau ostegunetan (otsailaren 2an, 9an, 16an eta 23an).

Lehen egun honetan bi saio eskainiko dira: 19:00etan, Euskaltzaindian, Patxo Telleriaren Txizatoki bat eszenatokian pieza, eta 20:00etan, Kalderapekon, Alain Lersundiren Nire zigilua.

Antolatzaileak adierazi dutenez, “aurten, gogoberrituta eta nobedadez jantzita dator bosgarren aldia beteko duen Lautan Hiru antzerki-jaialdia. Antzerkigintza ardatz hartuta, hainbat emankizun eskainiko dira: Lautan Hiruk ekoitzitako saio esperimental bat eta bakarrizketa bat, Ganbila bildumaren aurkezpena… Helburuak, baina, ez dira aldatu: euskarazko antzerkia hauspotu nahi da (antzezlan guztiak euskaraz emango dira); antzezlanak erakusteko gune berriak eskaini nahi zaizkie sortzaileei; eta Bilboko Zazpikaleetako giroan eragin nahi da, kultura aukerak zabalduta”.
Aipaturiko ekoizpen berri horiek honako hauek dira: Dramaren komeriak deseraikitzen (solasaldi taularatua), Matxalen de Pedrok gidatuko du esperientzia berria. Bertan, Aizpea Goenaga, Jokin Oregi eta Eneritz Artetxe ahaleginduko dira antzerkigintzaren gakoak azaltzen, modu umoretsu eta jostarian. Eta gaur ikusiko den Txizatoki bat eszenatokian, Patxo Telleriak jaialdirako beren-beregi idatzitako gidoia, eta berak antzeztuko duena.

Bilboko Udalak babesten du jaialdia, eta Euskaltzaindiak aurten ere elkarlanean antolatu du egitaraua Cafe Bar Bilbaorekin eta BIRA Kulturgunearekin batera. Eszenatokiei dagokionez, ohikoei AEKren Kalderapeko kulturgunea gehitu zaie edizio honetan. Hortaz, bost lekutan programatuko dira lanak: Kalderapeko, BIRA, Cafe Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea eta Euskaltzaindiaren egoitza.

2020an, Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen, Bilboko Udalaren babesarekin. Estreinako laguntza hori Artekartu konpainiak eskuratu zuen, Hauts artean lanagatik. 2021ean, berriz, Les Bobe Bobe konpainiak jaso zuen laguntza, Udaberria heldu da lanagatik. 2022koa eman barik gelditu da, baina aurten beste deialdi bat egingo da, 2024ko edizioari begira.

Programazio guztia hemen kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button