IKUS-ENTZUN

Gaur abiatuko da Korterraza Gasteiz

Korterraza ekimenaren 15. edizioa da aurtengoa, eta uztailaren 4tik 6ra Artium Museoaren kanpoaldean egingo da, 22:00etatik aurrera. Egun hauetan lau film labur, zazpi kontzertu, eta euskarazko ipuin kontaketa bat bildu dira programazioan.

Korterraza Txikiren saio bat ere programatu da Artium Museoko Auditorioan, eta, aurretik, 18:00etan, Ane Gebara narratzaileak ipuin-kontaketa egingo du euskaraz, Artium Museoaren barruko plazan.

Gaur ere kontzertu potenteak izango dira, eta hala, 18:30ean, Trikoma arituko da, eta geroago, 20:00etan, Mungiako Belako taldea igoko da oholtzara. Musikaren ostean, 22:00etan, inaugurazioa egingo da, eta 22:15ean proiekzioak hasiko dira.

Biharko kontzertuen arduradunak Calizo eta Combo Paradiso taldeak izango dira, eta etziko kontzertuak Niña Coyote eta Chico Tornado eta The Steepwater Band taldeek egingo dituzte.

Korterraza Gasteizko agenda abuztuaren amaieran osatuko da Korterraza Sensibiliza sailarekin, gai sozialei buruzko film laburrak ardatz dituen sailarekin, eta irailaren hasieran Korterraza Txikirekin, haurrentzako proposamenarekin. Hortaz, film laburren programa abuztuaren 22an osatuko da aipatutako Korterraza Sensibiliza atalarekin. Artium Museoko barne plazan 21:15etik aurrera izango da.

Bestalde, Korterraza Arabaren 10. edizioa ekainaren amaieran eta irailaren hasieran egingo da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button