MUSIKA

Hesian taldeak bere estiloari eutsi dio bere hirugarren lanean

Hesian taldearen hirugarren lana da Borrokatu eta irabazi, aurretik Maite dugu (2007) eta Herriaren oihua (2008). Azken hori GOR zigiluarekin argitaratu zuten. Oraingoan, baina, autoekoizpenaren hautua egin dute. "GORekin esperientzia ona izan zen, baina mundu honek nola funtzionatzen zuen gertutik jakin nahi genuen, era berean, prozesu guztia %100 gure moduan egin, eta orain arte egokia iruditzen zaigu", azaldu du Franek. Diskoa, gainera, Creative Commons lizentziapean plazaratu dute, "oinarrizkoa da, ez gaude ados SGAErekin; koherentzia kontua da". Musika "modu askeago" baten egitearen alde agertu da taldea.

Gaur Bilbon aurkeztu duten lan berriak hardcore eta punk melodikoan bustirik datozen 11 kantu biltzen ditu, NoFX edo Bad Religion izen ezagunen erara. "Aurreko laneko ildoari eutsi diogu, agian ezberdintasu bakarra da orain haize sekzioa kantu guztietan dagoela". Haritz Harreguyrekin grabatua dago aurtengo maiatza eta ekaina bitartean, "esperientzia ona izan da bai musikalki bai pertsonalki".

Hitzei dagokionez, Euskal Herriko gatazkarekiko konpromiso politiko nabarmena erakusten duten letrak nagusitzen dira, bestelakoa badiren arren, tartean, sozialak eta amodiozkoak. "Diskoaren izenburuak ere gatazka hori konpontzeko bidea proposatzen du, alegia, borroka".

Taldeak azken hilabeteetan bizi izan duen egoera ere aipatzen du tituluak. Izan ere, bi taldekidek taldea utzi zuten eta amore eman beharrean, taldearekin aurrera egitea, "borrokatzea", erabaki zuten, eta azkenik irabazi egin dutela nabarmendu dute.

Hesianek bihar bertan joko du Leioako txosnatan, eta etzi Dimako plazan. Kasik 130 kontzertu eman zituen aurreko lana aurkezten, eta disko berriarekin antzeko markari eusteko asmoa dutela esan du Franek. "Zuzeneko taldea gara eta ahalik eta kontzertu gehien ematea da gure helburua", gaineratu du.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button