MUSIKA

Barn Owl eta Monarch! The Samhain Fest jaialdian

Bihar, urriak 31, The Samhain Fest izeneko jaialdia izango da Erandion zabaldu berri den Sonora aretoan. Bertan, abangoardiako hard rock undergrounda jotzen duten bost talde izango dira: Barn Owl eta Monarch estatubatuarrak, Your Highness belgikarrak eta Cuzo espainiarrak, eta Erroma euskaldunak. Guztiak, rock gogorraren inguruko azpi-estiloetan mugitzen dira, tartean, sludge, stoner eta psikodelia.

Amerikako Estatu Batuetako ordezkariei dagokienez, Barn Howl bikotea (Evan Caminiti eta Jon Porras) San Frantzisko hirikoak dira. Euren musika drone errepikakorrekin josiriko pasarte letargikoak jotzen dituzte gitarra eta teklatuekin. Iraupen luzeko Lost in The Glare diskoa eta Shadowland EPa dira euren azken lanak; lehenengoa maisulana iluna omen da.
Monarch! berriz, Portland hiritik datoz, eta Black Sabbath, Burning Witch, Discharge edo Darkthrone bezalako metal piztien eraginak jasotzen dituzte. Makina bat bira egin dituzte munduan zehar.

Belgikako Your Highness taldeak ere Black Sabbath taldea du bere eragin nabarmenen artean, batez ere, gitarren soinuan. Haatik, belgikarren jarioa metal garaikidea dela esan daiteke. Cuzo andaluziarrei dagokienez, euren proposamena psikodelikoagoa da, progresiboagoa. Esate baterako, Alemaniako krautrock estilotik edaten dute, metal tankerako pasarteak baztertu gabe.

Azkenik, Erroma talde euskaldunak iragan asteburuan jo zuen Beasaigo Jazpana jaialdian. Jaialdi horren webgunean jasotzen denez, Paz Vegan, Los Santos, Curasan edota Krilin taldeetako musikariez osaturiko talde gipuzkoar berria da, eta laster grabatzeko asmoa dute. Sarean, post-metal doinuak jorratzen dituztela esan da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button