ESZENA

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen 39. edizioari hasiera eman zion urriaren 15ean oholtzaratu zen Atx teatroaren Lubaki lainotsua obraren estreinaldiak. Bihartik eta azaroaren 14ra arte programazioak jarraitu egingo du. Guztira 14 emanaldi antolatu dira.

Topaketen programazioan, bihar, urriak 28, Ze Onda antzerki taldeak Tempus Fugit obra egingo du, 19:00etan, Soreasu Antzokian. “Bakarkako lan honetan, protagonista bere buru barruan dagoen pentsamendu bat besterik ez da, lau pareten artean harrapatuta dago eta ez du ihesbiderik. Hartzen dituen erabakien aurka egin beharko du askotan, beste hainbat pentsamenduen kontra egin ere, eta guzti hau denboraren pisua beregain datorrela. Oroitzapen soil bat bilakatu arte, atzoko, gaurko eta biharko errealitateetan murgilduz.”

Asteburuari begira hiru pieza interesgarri ikusteko abagunea egongo da. Urriaren 29an, Artedramak Amua egingo du. “Anak, bere gaztaroko bi maitale ohi gonbidatu ditu Iratiko etxola batera. Azken asteburu bat, izan zirenaren eta amestu zutenaren izenean. Aitor eta Txolarre etorriko dira bai, baina bata eta bestea ez dira jakinean hiru izango direla. Elkar asko maitatu dute, elkar asko maite dute, baina zaila da hain intimoa den hori partekatzea”.
Larunbatean, urriak 30, Gorakada teatroak Zuhaitzak landatzen zituen gizona pieza egingo du. “Bakardadean bete-betean sartuta dauden bi gizon ikusiko ditugu beren buruekin adiskidetzen. Bat artzaina da, eta gogor egingo du lan bizileku duen basoa berritu eta lurra salbatzeko. Bestea bere buruaren bila ari den gazte bat da, borondatea eta eskuzabaltasuna erresilientziarako tresna ezin hobeak direla deskubrituko duena. Atzean, Europaren historiako gorabeherak, bi mundu-gerrak, kontzientzia ekologikoaren sorrera, politikaren diskurtso hutsala…”.
Azkenik, urriaren 31n, igandea, Kamikaz kolektiboak eta Ttak teatroak, Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi izeneko lana egingo dute. “Esmeralda, Ines eta Ursula, arratsaldero, kanpai hotsekin batera, puntual elkartzen dira merienda mahai baten inguruan. Tisana, pasta, azukre eta pastelez betetzen dituzte gorputzak, beraien egunerokotasunaz hitz egiten duten bitartean. Ba ote dakite, beraien bizitza beste norbaitek kontatua izan dela? Zein begiradatik izan dira sortuak emakume hauek?”

Datozen asteetako programazioa kontsultatzeko egin klik hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button