BESTELAKOAK

Argi-arteen arloko sorkuntza ikusgarriak

Argiartean jaialdia argi-arteen arloko sorkuntza eta erakusketa da, formatu harrigarrian, izaera esperimentaleko proposamenak bilduko dituena. Urriaren 6 eta 7an egingo da Loiolako Erriberetan.

Argiartean jaialdiaren barruan hainbat diziplinatako artistek zenbait hilabetetan zehar egindako proiektuak jendaurrean azalduko dituzte. Ekitaldirako propio sortutako argi-instalazioez eta proiekzio monumentalez gozatu ahal izango dute herritarrek, eta hainbat diziplinetako artisten zuzeneko emanaldiak ere izango dira. Horietan guztietan argiak eta ikus-entzunezko baliabideek, bat egingo dute arkitekturarekin eta paisaiarekin.

Izen interesgarriak agertzen dira parte hartzaileen artetik. Hala, gaur berton, Isabel Fernandez (Charades, Aries) konpositore eta ekoizleak Aida Torresekin (Lisäbo, Jupiter Jon) batera abiatu duen bidaia berria da Magia Bruta. Lan horrek “harmonia eta esperimentazio instrumentaleko uhin hedakor zirraragarria eskaintzen du. Euren zuzenekoa Isabel Fernándezen beraren bideo sormen koloretsuez laguntzen dituzte, edertasun exotikoko unibertso sentsoriala osatzen duten irudiak”. Beste aldetik, Ibon Errazkin sortzaile, gitarrista, konpositorea, moldatzailea, eta ekoizlea Javi P3z sortzailearekin juntatu da, eta elkarrekin Instrümental egitasmoa berreskuratuko dute inoiz ikus gabeko emanaldi oso berezian, Javi P3z berak sortutako bisualen laguntzaz.

Larunbatean, Nahia Zubeldiak eta Manu Matthysek osatzen duten Lumi elektro-pop estiloko bikotea, Nagore Legarreta argazkilariarekin arituko da. Azken horrek aurrekoen Bezperen Dirdira laneko kantuak eta kantuotan bizi diren izakiak lagunduko ditu pieza bisualekin. Horretarako argazki moldatuak, marrazki eta margoak baliatuko ditu, aldi berean basati eta delikatuak diren testuren desfile bat sortuz.

Egitarau osoa hemen kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button