
Gaur, goizeko 09:00etan, Euskaltzaindiaren egoitzan, Gabriel Arestiren lana eta bizitza aztertzeko uda ikastaroa antolatu dute Euskaltzaindiak eta EHUk. Bertan izango dira Estitxu Garai EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea, Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Patxi Juaristi Gabriel Aresti Katedraren zuzendaria eta Andres Urrutia euskaltzainburua.
Jardunaldien helburuak Gabriel Aresti eta hura bizi izan zen garaia, 50eko hamarkadatik 70ekora, hobeto ulertzea izango da, eta idazlearen lanak landu eta osatu zireneko testuinguru soziokultural eta ekonomiko-politikoa aztertzea. Hein berean, Gabriel Arestiren lanaren inguruan gogoeta egitea.
“Gabriel Arestik ikuspuntu literariotik bide aberats, original eta emankorrak sortu zituen, eta euskalduntasuna ulertzeko modu berriak ireki. Bide-urratzailea izan zen, eta euskal literatura eta pentsamendu modernoaren oinarri eta erreferente zalantzagabea da. Gainera, gogoratu behar da 1953an Merkataritza Peritu ikasketak amaitu zituela Elkano Merkataritza Eskolan, gaur egun, EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko atalean, eta 1957tik aurrera euskaltzain urgazle izan zela.”
Gaur eta bihar garatuko den ikastaroan, Joseba Zulaika, Asier Amezaga, Larraitz Ariznabarreta, Xabier Monasterio, Ismael Manterola, Kirmen Uribe, Lourdes Otaegi, Alex Gurrutxaga, Idoia Gereñu eta Mikel Ayerbe adituek hartuko dute parte.