LITERATURA

Alaska eta otsoak

Bai, Alaskan otsoak daude, baina bi elementu horiek ez dira oraingoan batera etorri (edo bai). Alaska, Castillo Suarez poeta handiaren azken liburua da, eta Otsoa etorriko da izenburua jarri dio Iñaki Irasizabalek bere azken lanari. Lan biak Elkar argitaletxeak atera ditu.

“Alaska garai batean Altsasun egon zen jatetxe bat izan zen, bidaiariz eta turistaz betea egoten zena, Bernardo Atxagak bere liburuetako batean aipatu zuena. Amerikak bere ipar muturrean Siberiarekin bat egiten duen lurralde hotz hartan egin zuen jabeak nahikoa diru jatetxe hura muntatu eta, ondoren, Etzegaraten hotel handi eta elegante bat egiteko, igerilekua zuena, gaur egun abandonatuta dagoena. Maiz idatzi da desamodioaz eta abandonuaz, baina gutxiago tokiekin lotzen gaituzten hari ikusezinez, tokien dolua nola egin ez dakigula. Izan ere, geure bizia, geure puskak, berriz ikusiko ez dugun jendearengan uzten ditugu, berriz egongo ez garen tokietan. Eta denok dugu Alaska bat geure baitan. Denok dugu geure oroitzapenetara kateatutako tokiren bat, osorik edo erdizka gogoratzen duguna. Maite izan genuen norbait, egun non dagoen ez dakiguna.”

Beste aldetik, Otsoa etorriko da izenburupean Iñaki Irasizabalek hauxe kontatu nahi digu: 28 urte ditu Maiderrek, berak bakarrik hazten duen zazpi urteko seme bat, Iraitz, eta beste hainbat arazo: Unax neba gaztea desagerturik dago duela bi urtetik, eta hilketa baten egilea dela uste du poliziak; lantokian, Legarra ugazaba eskuluzeak beregan jarri ditu begiak; eta, gainera, txikitan abandonatu zituen aita hilzorian dagoela eta, haren andre-lagunaren deia jaso du, mesedez ikustera joateko Bartzelonara.
Bizitza ez dela ipuinetan bezalakoa aspaldi ikasi zuen Maiderrek, otsoak are letagin zorrotzago eta luzeagoak dituela eta zure etxea erraz asko bota dezakeela, adreiluz eraikia izan arren. Zer egingo du orduan aterpe ziurrik ez daukanak?

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button