LITERATURA

Ate asko zeharkatzen ditugu bizitzan zehar

Bilboko Udalaren Bidebarrieta Kulturguneak XXI. Mendean Elkarrizketak Literaturarekin zikloaren edizioari amaiera emango dio bihar, ekainaren 20an, Katixa Agirrek (idazlea) eta Maite Larburuk (artista) eginiko Kax-kax-kax! Ireki behingoz izeneko ikuskizunarekin. Hitzordua 19:00etan hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian.

Kax-kax-kax! Ireki behingoz bi urteko ibilbidea duen ikuskizuna da eta Bidebarrietako Liburutegira iristen da bertaratzen diren ikusleek musikaz eta hitzez gozatzeko aukera izan dezaten. Errezital horretan, “Agirrek eta Larburuk hitz bat dute abiapuntu, hain zuzen, mundu imajinagarri guztietarako pasabidea irekitzen (eta ixten) dien hitza: ate. Hitzak, kontzeptu gisa, esanahi eta konnotazio ugari ditu, eta bi artistek erabili egingo dituzte errezital honetan, aldi berean dibertituko eta pentsaraziko diguten promesarekin.”

Aipaturiko ikusgarrian, Katixa Agirre eta Maite Larburu honako honetaz arituko dira: “Zer da bizitza? Ate segida bat. Batzuk ireki egiten dira, beste batzuk ez. Kax-kax-kax! Nor da? Atea igarotzera goaz baina oina geratzen zaigu atrapatuta. Ate birakariak zer dira ba? Behin eta berriro kontatzen diren txisteak. Kax-kax-kax edo kar-kar-kar? Atea jo dut eta ireki egin da. Nor da? Barrutik ari nintzen deika.”

Atea bizitzaren metafora bat da. Ate asko zeharkatzen ditugu bizitzan zehar, eta azkenik, bizitzaren amaierara iristen garenean azken ate hori zeharkatu behar dugu. Ate mordoa, bakoitza bere izatearekin. Lan honetan bizitzari buruz hitz egiten dute bi sortzaileek, gauza sakonei buruz, baina umore askorekin ere.

Katixa Agirrek (Gasteiz) Sua falta zaigu (Elkar, 2007), Habitat (Elkar, 2009), eta Atertu arte Itxaron (Elkar, 2015) argitaratu ditu. Bere beste lan arrakastatsua Amek ez dute (Elkar) izan da. Joan den urtean Berriz Zentauro obra kaleratu zuen.

Maite Larburu Hernani eta Amsterdam artean bizi den biolin-jole nomada bat da. Josh Cheatham biolaganbista estatubatuarrarekin batera Neighbor bikotea sortu zuen eta Ura patrikan (2013) debuta argitaratu zuen. 2019an, Hezurren azpian argitaratu zuen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button