MUSIKA

Unek disko akustikoa plazaratu du

Aurkezpen ekitaldian lau taldekideak izan dira Ritxi Azipuru Baga Biga diskoetxearen arduradunarekin batera: Aitor Uriarte (ahotsa), Rober Garzia (gitarra), Xabi Oraa de Zumarraga (bateria eta perkusioak), eta Karmelo Aretxaga (baxua). Uriartek adierazi duenez, elektrikotik akustikora egin duten jauzia biluzte prozesua izan da. Hala, kantuen muinera jo dute lan hau idazteko. "Lokalean sortzen ditugun kantu elektrikoak hasieran akustikoak izaten dira, beraz, doinuen jatorrira bueltatzea bezala izan da", azaldu du abeslariak. "Doinuek heldutasun puntua izatea nahi dugu akustikotasun horretatik abiatuz", gaineratu du.

Lan hau, halaber, "izaki bizidun" gisa hartzen dute taldekideek. Izan ere, bertan jasotzen diren kantuak emanaldi bakoitzera egokituko dira eta horrela, aldatzen egongo dira etengabe. "Kontzertuz kontzertu aldatzen joango dira". Gaur bertan EITBrako kantu parea grabatuko dute, eta abenduaren 8an Durangon izango den Ahotsenea Sortzaileen Gunean izango dira. Bietan formatu akustikoan arituko dira.

Diskoak hamar doinu biltzen ditu, -zazpi aurreko bi lanetakoak eta beste hirurak berriak -,eta aurtengo abuztutik urrira bitartean grabatu dute Ortuellako Groove estudioetan Ruben G. Mateos eta Alvaro Garcia teknikariekin. Ritxi Aizpuru Baga Biga diskoetxeko koordinatzaileak azaldu duenez, ahalegin handia egin dute ekoizpenean eta konponketetan. "Teklak eta saxoak ukitu polita eman diete kantuei". Taldeko abeslariak Charles Cooper saxo jotzaile estatubatuarraren lana nabarmendu du, "luxua izan da gurekin izatea".

Unek bere ohiko esparru elektrikoa utzi, eta kantuak biluztu ditu eremu akustikoan murgiltzeko. Hala ere, betiko taldea izaten jarraitzen du. Izan ere, bere horretan jarraitzen dute kantuen tempo ertainek eta giro malenkoniatsuek. "Hausnarketa unea da, inflexio puntua izan daiteke; batek daki zer etorriko den gero", amaitu du esaten Aitor Uriartek. Orain, taldearen alde akustikoa ezagutarazteko momentua iritsi da.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button