Euskal poeten lana gizarteratzea helburu duen Irailekoak jaialdia asteburu honetan izango da (28an, eta 29an) Itsasuko Herriko Etxean. Euskaltzaindiak antolatu du berriz, Itsasuko Herriko Etxearekin elkarlanean, eta Euskararen Erakunde Publikoaren eta Euskal Kultur Erakundearen babesarekin.
“Euskaltzaindiak betidanik izan du euskal kultura sustatzeko bokazioa eta grina, bere hastapeneko helburuetatik gaurdaino. Euskal Herriko Bertsolarien sei txapelketa nagusi antolatu zituen bere garaian Akademiak; besteak beste, EIZIEren eta Euskal Idazleen Elkartearen sorrerak bultzatu zituen, euskarazko lehen agiriak banatu zituen, eta abar. Beraz, erabat naturala da Euskaltzaindiarentzat Irailekoak bezalako egitasmo bat antolatu eta sustatzea. Beste horrenbeste esan daiteke Bilbon antolatzen dugun Lautan Hiru antzerki-jaialdiari buruz ere” adierazi du Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Irailekoak ekimen literarioa Katixa Dolhare-Zaldunbide irakasleak egingo duen Ipar Euskal Herriko poesiaren argiak eta itzalak hitzaldiarekin zabalduko da larunbat goizean. Horretaz gain, hainbat olerkari, musikari, itzultzaile eta ikertzaile izango dira bertan.
Ondoren, Itsasuko Gaineko plazan, poesia-irakurraldia egingo dute Anjel Erro, Maddi Sarasua eta Harkaitz Cano poetek. Pantxix Bidartek musika jarriko du. Eta gauez, kontzertu bikoitza antolatu dute, Maddi Oihenart eta Jérémie Garate eta Alidé Sanse musikariekin.
Halaber, beste bazter batzuetako poetek ere parte hartuko dute. Horren haritik, okzitanierazko literatura aztertuko du mintzaldi batean Sergi Javaloyes idazle eta itzultzaileak, eta irakurraldi elebiduna ere izango da, Aurelia Lassaca poetaren eskutik. Azkenik, Itxaro Bordak gogoratu du Irailekoak-en euskal poeten lana gizarteratu nahi dela
Irailekoak jaialdiaren gaineko jakingarri guztiak hemen