MUSIKA

Mursego eta Neighbor sormen prozesuaz arituko dira Azpeitian

Ostiralean, Maite Arroitajauregi Mursego eta Neighbor taldeko kide Maite Larburu haien sormen prozesuen inguruan arituko dira Azpeitiko Dinamoan, 17:00etatik aurrera. Gauean, 22:00ak aldera, kontzertua egingo dute Sanagustin Kulturgunean.

Iragan asteburuan, Mursegok 100% OION disko berria aurkeztu zuen: Oiongo herritarrekin elkarlanean egindako lana da, elkarbizitza sustatzeko asmoz. Oiongo hainbat herritarrek parte hartu dute grabazioan, baita Arroitajauregiren makina bat lagunek ere: Aida Torres, Txap, P3z, Mariano Hurtado, Amorante, Harkaitz Cano eta Kau Kori Kura, besteak beste.
Nada Producciones eta Elektrika Grabaketak estudioetan grabatu da diskoa, David Garrido eta Ander Barriuso soinu teknikarien gidaritzapean; ekoizpenaz, berriz, IbonRG musikaria arduratu da, Maiteren ohiko kolaboratzaile estua.

Bestalde, Maite Larburu (Hernani) eta Josh Cheatham (Seattle) dira Neighbor taldeko partaideak, eta Hau (2006, Gaztelupeko Hotsak) da bikote horren bigarren esperimentazioa.  Oraintsu, LP formatuan plazaratu dute. Bikoteak antzinako musika klasikoa du lanbide: Larburu biolinista da, eta Cheatham berriz, viola de gamba-kontrabaxularia. Halere, estudioan elkartzen direnean, pop-etik, klasizismotik zein esperimentaziotik edaten duen musika garaikidea grabatzen du.
Xabier Montoia musikari eta idazlearen arabera, “Pop musikaren topikoak dioenez, talde batentzat zailena, bere bigarren diskoa sortzea da, batez ere lehendabizikoa arrakastatsua izan bada, Ura patrikan izan zen bezala. Neighborrekoak lasai egon daitezke, ordea, disko zoragarria baita Hau. Bejondeiela!”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button