
Bere 20. urteurrena dela eta, Euskal Herriko Gidoilari Profesionalen Elkarteak, SGAE Fundazioarekin batera, Zine Kontari euskaraz egindako zinema zikloa antolatu dute Bilboko Campos Eliseos Antzokian, azaroaren 23tik 26ra. Zikloaren helburua, euskarazko film labur eta luzeak sustatzea da.
Lau egunetan zehar luzatuko den Zine Kontari 2015 zikloko emanaldietan hainbat genero zein formatu ezberdin erakutsiko dira. Estreinako hautaketa honetan honako filmak izango dira ikusgai: gaur berton, azaroak 23, astelehena, Kimuak bildumaren film laburren erakustaldia. Koldo Almandoz, Telmo Esnal, Asier Altuna, Angel Aldanondo, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregieuskal zinemagileen lan laburrak proiektatuko dira; bihar, azaroak 24, asteartea, Patxo Telleriak idatzi eta berriki zendutako Aitor Mazok zuzendutako Bypass film luzea; azaroaren 25ean, asteazkena: Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño egindako 80 egunean; Asier Altunak idatzi eta zuzendutako Bertsolari dokumentala proiektatuko da emanaldiaren azken egunean, azaroak 26. Altunak Donostiako Zinemaldian Euskal gidoilari onenaren Saria jaso du, kasu honetan, Amama lan luzeagatik.
Campos Antzokiak hartuko duen euskara hutsezko lehen zine erakustaldi honetan euskal gidoilari eta zuzendarien lanak izango dira ikusgai, proiekzioen ondoren ikuslegoarekin elkarrizketa bat zabaltzeko asmoa ere badago.
Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionalaren webgunean eskuratu ahal duzue informazio guztia.



