Hemen da aurtengo Ostera Kultur festibal ibiltaria, Balmaseda, Arrigorriaga eta Abadiño herriak musikaz, mahainguruz, eta bestelako ikusgarriz beteko dituena, urria eta azaroa bitartean.
Ostera kultur festibalaren aurtengo edizioak Euskaran mundu oso bat kabitzen da! leloa dauka, eta betiko legez, euskaraz sortutako eskaintza kulturala bultzatu eta hedatzea izango du helburu.
Jasone Mendizabalek, Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak aletu ditu berritasun batzuk: “Aurtengo Osteraren edizioak aniztasunean eta aberastasun kulturalean oinarritutako etorkizuneko euskalduntasun (GU) berri bat irudikatu eta islatu nahi du. Musika ardatz hartuta, asteburu osoa iraungo duen egitarau zabala eramango du Osterak Balmaseda, Arrigorriaga eta Abadiñora, zuzen-zuzenean eta doan Adin-tarte ezberdinetako publikoari zuzenduta dago egitaraua eta hori du helburu, hain justu: euskarak mundu oso bat barne biltzen duela erakustea”.
Diogun moduan, aurtengo kultur festibalak musika, flamenko, dantza bertikal ikuskizunak, bakarrizketak eta solasaldiak, eta haur eta familientzako emanaldiak eskainiko ditu denentzat eta erabat doan.
Antolatu diren mahainguruak honakoak izango dira: Balmasedan, Euskara bihar: nola kudeatu hizkuntz aniztasuna? Izenburuko izango da; Arrigorriagako solasaldian, Euskara bihar: nola aktibatu erabilera? galderaren inguruan eztabaidatuko da; eta Abadiñon, Euskara bihar: kulturgintzaren sustapena. Nola sustatu kultur-zaletasuna? gaiaren inguruan jardungo dira adituak.
Bestaldetik, eta musikari dagokionez, Janus Lester, Gari Eta Maldanbera eta Nogen taldeen kontzertuak programatu dira aurtengo festibalaren barruan. Eta musikaz gain, Lidia De Lorenzo flamenko dantza konpainiaren Sentimundua edo Harrobi dantza bertikal konpainiaren Geu(re)ra ikuskizuna, Antton Telleria, Julen Portillo, Ane Goitia eta Maialen Sorozabalen bakarrizketa saioa, edo Maddi Pirata, Gora Bihotzak edo haur eta familientzako Iratxoen kantu sekretuak ikuskizuna ere antolatu dira.
Informazioa zehatzagoa nahi izanez gero, egin klik hemen.