BESTELAKOAK

Sant Jordi eguna ospatuko dute Bilboko Kafe Antzokian

Casal Bilbao eta Jaia eta Xerinola elkarteek Zenbat Gara elkartearekin batera, Sant Jordi eguna ospatuko dute Bilboko Kafe Antzokian, ostegunean, apirilak 23. Hala, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, Herrialde Katalanetako kultura zabaltzeko asmoz, Sant Jordi gure kaleetan lelopean.

Gaur goizean aurkeztu dute ekimena hiru elkarteetako kideek: Xabier Monasterio (Zenbat Gara), Maite Sastre eta Josep Sancho (Jaia eta Xerinola) eta Maite Sastre (Casal Bilbao).

Bada, Santo Jordi eguna goizean goiz hasiko dute, izan ere, liburuak oparitzen arituko dira Albia inguruan. Gero 20:00etan, Kafe Antzokian, Basili Rodriguzek Nova Canço mugimenduari buruzko hitzaldia emango du, kontzertua hasi baino lehen. “Sarrera bat izango da; etorkizunean, aukera izanez gero, hitzaldi sakonago bat ematea gustatuko litzaidake”, esan du hizlariak, bertaratuen artean baitzegoen.

Berbaldiaren ostean, kontzertua izango da: Herrialde Katalanetako Zoo eta Ze Esatek!. DJk ere izango dira: DJ Bull eta DJ OGT kataluniarra.

Azkenik, erakusketa bat ere izango da Bilboko Kafe Antzokian. Bertan, katalanezko literaturak eman dituen dozena bat liburu giltzarri biltzen dira, katalanezko eta euskarazko testuekin lagunduta: El llibre de les bèsties (Ramon Llul), Lo Somni (Bernat Metge), Tirant Lo Blanc (Joanot Martorell)…

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button