ARTEA

Eskultura protagonista, Tabakaleran

Tabakalerako erakusketa-programak eskulturari erreparatuko dio aurten, eta modu nabarmenean, Eduardo Chillida eta Nestor Basterretxea eskultoreen lanari
Hortaz, “Tabakalerak arte eskultoriko garaikidearen aberastasuna ospatzeaz gain, arte-adierazpen hori balioesteko ikuspegi eta testuinguru berriak eskaini nahi ditu. Erakusketa-areto nagusiak hiru mostra hartuko ditu urtean zehar, gaur egungo arte eskultorikoaren alderdi paregabeak aztertuko dituztenak.”

Euskal eskultura garaikidean barneratuko da Larruak eta izurrak erakusketa, Laura Vallés Vílchez komisario duena. Bertan, artista belaunaldi berriak nabarmenduko dira. Erakusketak Sahatsa Jauregi, June Crespo, Kimia Kamvari eta Yael Davids artisten ekoizpen berriak eta Nora Aurrekoetxea, Iman Issa eta Lúcia Kochen lanak hartuko ditu barne. Erakusketa otsailaren 24tik ekainaren 2ra egongo da zabalik.

Topalekuak erakusketak, Soledad Gutierrezek komisariatuko duenak, Eduardo Chillidak testuinguru garaikidean utzitako ondare artistikoa aztertuko du. Mostrak Chillidaren beraren eta Euskal Herriko eta nazioarteko artisten lanak hartuko ditu. Parte hartuko duten artisten artean Elena Aitzkoa, Josu Bilbao, Christian Salablanca, JUF Project, Laia Estruch, Marianna Simnett eta Sheroanawe Hakihiiwe daude.

Gabriel Chaile artista argentinarrari eskainitako bakarkako erakusketa ere antolatuko da.  Adobez egindako formatu handiko eskultura zirraragarriengatik da ezaguna Chaile. Erakusketa hori Chailek Estatuan lehen aldiz egingo duen bakarkako lehen aurkezpena izango da eta urritik 2025eko otsailera bitartean izango da.

Tabakalerako bigarren erakusketa-aretoak bere urteroko programa eskainiko du, “proposamen artistiko sorta eklektiko bat publikoari hainbat adierazpide eta ikuspegi sortzaile arakatzeko aukera eskainiko diona.” Urteko lehen erakusketa You want it to be art and I want it to be magazine. Hilary Lloyd eta Many of Them-en arteko elkarrizketa (Zuk artea izatea nahi duzu eta nik aldizkaria izatea nahi dut urtarrilaren 27tik aurrera egongo da zabalik.

Apirilaren 26tik abuztuaren 25era arte, Situ-akzioak ekimenaren laugarren edizioa hartuko du areto berak. María Jerez artista, koreografiaren, zinemaren eta ikusizko arteen artean mugitzen denak, hartuko du parte ekimenaren edizio honetan.

Erakusketa guztiekin batera hitzaldiak, bisita-solasaldiak, familientzako arte-lantegiak, Arte-makina, arte garaikidearen hurbilketa ikastaroa, eta antzeko jarduera paraleloak antolatuko dira.

Informazio guztia Tabakalerak dauka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button