ARTEA

“Bilboargazki” ekimenaren edizioa berria aurkeztu dute

Urriaren amaierara arte luzatuko den programak pisu handiko hainbat argazkilari gonbidatu ditu aurtengo edizioan. Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteak bultzatzen duen Bilboargazkiren bederatzigarren edizioaren barruan, argazkilarien hitzaldiak eta tailerrak programatu dira, eta batez ere erakusketa bikainak.

Yang Yueluan argazkilari txinatarraren Great Wall erakusketak inauguratuko du aurtengo edizioa, Espacio de los Mundos-en, irailaren 30ean. Yang Yueluanen argazkietan gehien errepikatzen den elementuetako bat Txinako Harresi Handia da.

Ilusiones visuales erakusketa paratuko du Pedro Javier Pascual artistak. Argazki harrigarriak eta zirraragarriak dira, eta manipulatu gabeak, izan ere, animaliei egindako argazki guztiak askatasunean egin dira, erabateko errespetuarekin. Erakusketaren inaugurazio ekitaldia urriaren 2an izango da.

Agustín Sagasti argazkilariaren ARKT. Arquitectura y tiempo erakusketa izango da beste perla bat. Munduko eraikin askori ateratako argazkiak biltzen ditu erakusketa honek. Urriaren 16ra arte UPV-EHUko paraninfoan bisitatu ahal izango da.

Marina Gondra euskal argazkilariaren lanak begiztatu ahalko dira Bilboko La Granja kafetegian, urriaren 1etik 31ra. Argazkilariak Cuando cierras los ojos izenburuko argazki bilduma aurkeztuko du.

Esther Camachok eszena onirikoak erakusten dituzten bi argazki seriek osaturiko Impermanence towards Mars aurkeztuko du. Suitzatik, Daniel Brändli etorriko da bere gorputz biluziekin: Series & Sequences. Bere herrian, Sari Nazionala jaso berri du argazkilari horrek.

Azkenik, Andoni Lubaki argazkilari euskaldunaren Miradas a un mundo convulso erakusketa ikusi ahal izango da Burtsako udaltegian. Lubakik gatazkan dauden lekuetan hartutako irudiak biltzen ditu erakusketa horretan, irudi gogorrak, inpaktanteak.

Erakusketez gain hitzaldiak, umeei zuzendutako hastapeneko argazkigintza ikastaroak eta makina bat kontu programatu dira. guztiak ikusi nahi badituzue, jo hona.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button