
Vital Fundazioaren Aretoan hasi zen, astelehenean, Euskal Zinema Dokumentalaren Astea. Egunero film bat pantailaratzen ari dira. Hala, astelehenean eta asteartean, Gure sor lekuaren bila (Josu Martínez) eta Walls / Muros (Pablo Iraburu eta Migueltxo Molina) aurkeztu ziren, hurrenez hurren.
Gaur, halaber, Pablo Iraburu, Pablo Tosco, eta Jorge Martinez Mayoral zinegileek filmatutako District Zero ikusi ahalko da, 20:00etatik aurrera. Filmak hauxe kontatzen du: “Maamun Al-Wadi, munduan dagoen 59,5 milioi errefuxiatu eta desplazatuetako bat, dendaria da Zaatari-n (Jordanian), eta eskuko telefonoak konpondu, bateriak kargatu eta kanpamentuko bere auzokideek oraindik Siriarekin dituzten konexio bakarrak berrezartzen ditu. Bere bezeroen bidez, memoria-txartelen edukia ikusiko dugu: Sirian igaro zuten bizitza (alaitasuna, eguneroko bizitza, familia), gerra, hondamendia, beldurra eta ihesaldia”.
Dokumentalen astea ondoko hiru lanekin osatuko da: ostegunean, Pelota II (Jorge Leth eta Olatz Gonzalez); ostiralean, Sagardoa Bidegile (Bego Zubia); eta amaitzeko, larunbatean, Mairuelegorreta; iluntasunetik argitasunera (Mikel Ezkerro).
Informazio gehiago: vital.kutxabank.es.