
EHUko Zeramika Masterreko ikasleen eskulturak ikusgai daude Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan, Bilbon. Masterreko hamalau ikaslek Artekan erakusketa kolektiboa aurkeztu dute.
Ainhoa Arzallus Goñi, Alex Ruiz Errera, Antonio Lopez Caro, Carmen Piñón Loureda, Celia Martinez Moreno, Edu Valls Sanchez, Eguzkiñe Egaña Corta, Eva Kareaga Cortacans, Garazi R. Itza, Ismael Buenaga Fuente, Naiara Otaegi Sanchez, Nerea Castaño Gonzalo, Paula Huarte Cosin eta Tamara Sadia Mancebo artistek osatutako erakusketak buztinen eta prozedura zeramikoen aukera mugagabeak aztertzen dituen proposamen pertsonalak batzen ditu.
Bertako antolatzaileek adierazi duten moduan “Erakusketa oso interesgarria da, eta material horren adierazkortasuna eta berezitasuna aldarrikatzen du; izan ere, agerikoa da zeramika adierazpen artistikorako bide moduan, etxeko edo dekorazioko erabilera ezaguna baino harago doala. Erakusketa honek zeramikazko material honen aberastasun handia erakusten du”.
Aurkeztu diren lan batzuetan, zeramikak bere prozesuan ematen dituen “gaitasun plastikoak aztertu dira”; beste batzuetan, “mineralen ezaugarri fisikoak behartu dira, keinuari edo suari erantzutean, zoria pieza osatzen duten faktoreen artean sartuz”. Eta, masterreko arduradunaren berbetan, ikusleek “materialen eta tekniken arteko konbinazioan elkarrizketa berrien hedapena” ikusi ahal izango dute “adierazpen-potentzial handiko kontraste ezohikoak eragiten dituenak”, eta baita “artearen eta diseinuaren alderdiak batzen dituen lanak ere, barruko arkitekturaren eta zeramikaren arteko erlazioa ikusiz”.
Erakusketa Bizkaiko Batzarrek EHUko Arte Ederren Fakultatearekin orain hamarkada batetik daukan akordioaren parte da, Bizkaian trebatutako talentu gazteen lana erakusteko.
Artekan erakusketa uztailaren 16ra arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan.