LITERATURA

“Euskal literatura eta emakumeak” izeneko jardunaldia, Bilbon

Bilboko Udalak eta Sabino Arana Fundazioak, Labayru Fundazioaren laguntzarekin, Euskal kulturaren memoria. Euskal literatura eta emakumeak izeneko jardunaldia antolatu du. Bihar, hilak 19, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan bilduko dira hainbat aditu.

“Atzera begiratu aurrera egiteko, iragana ezagutu etorkizunerako. Horra memoriaren gakoa eta mamia. Horregatik, urtero euskal kulturaren arloren bat aztertzen dugu arlo horretan adituak diren pertsonei eskatuz gaiari buruzko ponentziak, ondoren denen artean eztabaidatu dezaten. Iragan urteetan jorratu ditugun arloak, besteak beste, izan dira literatura, musika, pintura, zinea eta antzerkia…
Aurtengorako aukeratu duguna berriz literatura da, baina genero edo emakumeen ikuspegitik helduta. Honekin jakin nahi duguna da euskal emakume idazleek, iraganean eta gaur egun, zer eta zergatik idatzi zuten eta idazten diharduten, eta, honekin batera, ordukoen eta egungoen artean ezelango zubirik izan den ala ez.”

Goizeko saioa izango da, eta beharrezkoak diren aurkezpenen ostean, Xabier Altzibar, irakasle, idazle eta euskaltzain urgazleak Emakume-Luma Hautsiak. Klasikoetatik Gerra Zibilera arte izeneko hitzaldia egingo du. Bere ostean, Larraitz Ariznabarreta kulturaniztasunean doktorea eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea arituko da, eta Amak, Feministak, Sorginak, Munstroak. Emakume idazleak diktadura osteko euskal literaturan gaia aztertuko du
Atseden txiki baten ostean, Jasone Osoro idazlea eta kazetariak Azaleko autorretratuak izeneko hitzaldia egingo du.
Gero, adituen arteko elkarrizketa zabalduko da, eta horren ostean amaiera emango zaio jardunaldiari.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button