ESZENA

Sylvia Plathekin batera hiru emakume

Mireia Gabilondok zuzenduriko Hiru Emakume lanaren estreinaldia eszenaratuko da bihar eta etzi Arriaga Antzokian . Euskarazko Hiru emakume bertsioa, ostegunean, martxoaren 15ean, izango da eta gaztelaniazko Tres mujeres lanarena, martxoaren 16tik igandea 18ra bitartean. Sylvia Plath idazle eta poeta estatubatuarrak izpiritua jarri dio antzezlanari, eta hala, hiru antzezleek, ahotsa eta antzezpena ematen diete haren hitzei lan berri honetan.

Antzezlana oso gutxitan ikusi ahal izan da gaztelaniaz, eta euskaraz eszenaratuko den lehenengo aldia izango da. Bertan, Ylenia Baglietto, Ane Pikaza eta Ainhoa Etxebarria antzezleek hartuko dute parte, eta horiekin batera Ane Lopezek jotzen duen kontrabaxuaren soinuak eta Maria Berasarteren kantu ederrak entzungo dira.

Arriagaren arabera, “Antzezlanaren gai nagusia amatasuna da, eta antzezle bakoitzaren ahotsak amatasun hori bizitzeko modu bat adierazten du. Emakume batek ama izatean zentratzen du bere egitekoa, besteak sufritu egiten du ama ezin izateagatik, eta bestea, hala nahi ez duen arren, ama da”

Hiru emakume antzezlana sortzeko ere, Fernando Bernues eszenografiaz arduratu da, Iñaki Salvador musika aholkularia izan da, eta Harkaitz Cano antzezlana euskarara egokitu du.

Martxoaren 15ean euskaraz eskainiko den emanaldia baino ordu erdi lehenago, 19:30ean, Zenbat Gara Elkarteko Xabier Monasteriok antzezlanarekin erlazionatutako hitzaldi-solasaldia eskainiko du. Arriaga Antzokiko foyerrean izango da, eta 20 minutu inguruko iraupena izango du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button