MUSIKA

Euskal Herriko Trikitixa Elkartea berriturik dator

1972an Usurbilen lehen aldiz trikitilariak elkartu eta hazia erein zutenetik mende erdia betetzear dagoen honetan, Euskal Herriko Trikitixa Elkartea berrikuntzez beterik dator.

EHTEk marka eta webgune berria argitaratu ditu. Webgune berri honen etorkizuneko proiektua da trikitixaren wikipedia bere barnean hartzea, trikitixarekin zerikusia duen dokumentazioaren bilgunea, eta trikitixaren entziklopedia izan den trikimailua edo soinuaren hotsa atala Trikipedia bihurtzea, eguneratzea eta etengabe elikatzea.
Irudi berria Iker Torres Rekondo diseinatzailearen eskutik etorri da, eta horrekin batera webgunea ere berritu da.

Gazteek eta gazteentzat sorturik, sare sozialetan Kolpeka saio berria argitara ere emango dute. 2021ean zehar, sei bideo ezberdin aurkeztuko dira, trikitixaren protagonista ezinbestekoak gonbidaturik.

Gaur egun 3000 ikasle inguru ditu trikitixak Euskal Herrian zehar banatutako ehunka eskoletan, horietatik bi heren emakumezkoak izanik. Errealitate horri erantzunez, lanean jarraitzen du EHTEk. Horretarako ere, laster Gazteen Trikitixa Topaketa eta Gaztetxoen Trikitixa Udalekua Asteasuko Otabardi aterpetxean egingo dira, ekainaren amaieran.

Horretaz gain bestelako ekimenak ere aurrera daramatzate, hala nola, Ataria Irratiarekin elkarlanean Hauspo Artean irratsaioa. Bertan atal berriak sortuz jarraitzen dute Manex Torrealdai Gorritiren eta Maixa Lizarribar Saizarren gidaritzapean.

Eta azkenik, Dani Fano Ardanazek ilustraturik eta Koldo Izagirren gidoipean, Sasi artean Elgeta komiki liburua argitaratuko dute Ikastolen Elkartearekin elkarlanean.

Informazio guztia EHTEren webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button