
Lankurekin elkarkidetzan eta Mintzola Ahozko Lantegiaren bitartekotzari esker, bihar, ekainaren 18an, Beñat Krolem artistak eginiko Oholtza performance-a estreinatuko da Bilboko Erribera merkatuan, 12:00etan. Bertan ere, Jon Martin eta Jone Uria bertsolariek hartuko dute parte.
Lakun igorri digun oharraren arabera, “ Oholtza bertsolariari jarduteko toki bat eskaintzen dion eraikuntza-aldagaien multzoa da, mugikorra eta artikulagarria. Bat-bateko eraikuntza-jokoa da, pieza-multzoen bitartez osatzen dena. Emanaldiaren unean bertan proiektatu, diseinatu eta muntatzen diren egiturak dira, bertsolariak abesten duen bitartean. Bertsolariak, hitzekin bertsoa sortzeko erabiltzen duen prozesuaren parekoa da. Oholtza, bertsoa sortzeko sormen prozesuaren, harremanaren eta gorputzaren jarreraren arteko azterketa da. Bertan, bertsolaria bera hitzen aldare bihurtu eta altxatu egiten da”.
Beñat Krolem (Bilbo, 1990) 2013an Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan Lizentziatu zen, University of the West of England, Bristol, urtebete ikasten igaro ostean. Sorkuntza-beka ugari jaso ditu, haien artean, duela gutxi 2014ean Antonio Gala Fundazioko beka, BilbaoArte Produkzio beka 2016 eta Mintzola Ahozko Lantegiak eta Mikel Laboa katedrak Bertsolaritzari buruzko ikerketa-lanen beka 2015-2016, besteak beste.